Bost emakumetik batek sexu-bortxakeria jasango du bere bizitzan zehar. Bortxakeria horiengatik zenbat izango dira salatuak? Demers eta kideek erakusten duten bezala, emakume horiek bi motatako laguntza bilatu dezakete: formala eta informala. Laguntza informalari dagokionez, biktimaren inguruan dauden pertsonei egiten die erreferentzia, hau da, lagunei, familiari, bikoteari… Laguntza formalari dagokionez, aldiz, medikuei, psikologoei edo laguntza mentala ematen dutenei eta, noski, salaketarekin edo legearekin lotura zuzena dutenei: poliziari, auzitegiei…

Arazo handiena hor agertzen da, salaketan. % 75-92k bere familiakoei edo inguruko pertsonei kontatzen diete, gehien batean emakumea den lagun bati. % 5 baino gutxiagok poliziarekin kontaktatzen du salatzeko. Indarkeria bikote sentimentalak eragiten duenean, % 9 baino gutxiagok salatzen dute poliziaren aurrean modu formalean. Emakumeentzat errazagoa da salaketak egitea estereotipo sozialak baieztatzen direnean, “sinesgarriagoak” izango direlakoan; adibidez, biktima gehiagok salatzen du gertatutakoa lesioak agerian badaude.

Indarkeriaren normalizazioa oztopoa izaten da salaketarako, zaildu egiten duelako biktimak, kasu askotan, gertatutakoa bortxaketa gisa identifikatzea, behin identifikatuta kontatzea eta, azken finean, salatzea.

Salaketei dagokienez, biktimen erdiek gertatutakoa salatzen dute kontatu dioten  pertsonak hori egiteko konbentzitu dituelako. Beraz, entzuten duten pertsonen erantzuna oso garrantzitsua da. Erantzun horiek hurrengo urratsak baldintzatuko dituzte. Erreakzio positiboek biktimei asko laguntzen diete, adibidez, haien errua izan ez dela adierazteak laguntza emozionala emanez edo gertutakoa sinestaraziz. Aitzitik, erreakzio negatiboak, hala nola gertatutakoari garrantzia kentzea edo erruduntasuna zalantzan jartzea, oso kaltegarriak izan daitezke biktimarentzat. Erantzun negatibo horiek eragina dute sendatze-prozesuan, eta trauma osteko estresa, depresioa eta osasun-arazo fisikoak areagotu ditzakete. Biktimak, salaketa egin ahal izateko, ondo sentitu behar dira, eta, gehien batean, bere inguruan dauden pertsonen babesa sentitu. Laguntza formalaren erreakzioa ere oso garrantzitsua izango da salaketetarako.

Pertsona bat beste bati kontatzera edo laguntza-zerbitzuen edo poliziaren aurrean formalki salatzera bultzatzen duten arrazoiak askotarikoak dira:

  • Arrazoi orokorrenetako bat hobeto sentitzea da: nola sentitzen ziren adierazi ahal izatea, beren baitan giltzapetuta ez geratzea; baliozkotzea bilatzea sinesgarriak eta ulertuak izatearen bidez, gainerako pertsonek pasatzen ari zenagatik ulertzea eta normal sentitu ahal izatea, geratutakoa hobeto ulertzeko eta babesa bilatzeko.

  • Ingurune sozialarekin zerikusia duten hainbat arrazoi ere badaude, adibidez, lagun bati gertatutakoa ez ezkutatzea; portaera ezberdinak izaten badituzte traumaren ondorioz, gainontzekoek portaera horien zergatiak ulertu ahal izatea; eredu izatea beste pertsona batzuei gauza bera gerta ez dakien; edo inguruko norbaitek hori egiten laguntzea.

  • Beste arrazoi bat aholkua bilatzea izaten da. Norbaiti kontatzea gero salaketa formal bat egin ahal izateko. Batzuetan egoera minimizatuko duen erantzun bat bilatzen da, jardun behar ez izateko.

  • Azkenik, emakumeek gertatutakoa salatzean, erasotzailearentzat zigorra nahi dute eta beraientzat laguntza.

Hori guztia kontuan izanda, oso garrantzitsua izango da komunitateak eta gertakari horiekin erlazionatuta dauden zerbitzu eta pertsona guztiek prestakuntza aproposa izatea biktimei modu eraginkorrean lagundu ahal izateko. Horrela, isiltasunaren legea apurtzen da, biktimak babestuagoak sentituko dira, eta errazagoa izango da salaketa bat egitea.

Egilea: Carlota Oteo