Zer da lehenengo, garatzea ala ikastea?

Piaget-ek oso ikerketa-lagin txikiarekin orokortu zituen bere aurkikuntzak. Piageten arabera, umeek pausoka zenbait garapen-estadio pasatzen dituzte. Piageten ikuspegitik, umea garapen-estadio jakin batean ez badago, ezin du garapen-estadio horri dagokiona ikasi. Garatu arte itxoin behar du. Beraz, garapenak baldintzatzen du ikaskuntza, Piagetek dioenez: lehenengo garapena eta gero ikaskuntza.

Vygotskyk kontrakoa frogatu zuen. Ikerketetan ikusi zutenaren arabera, umea gai da besteak imitatzeko, eta, halaber, gai da besteekin elkarlanean aritzeko. Hori egiten duenean, umearen ahalmena handitu egiten da. Bakarrik egingo ez lukeena egitera irits daiteke. Egiten duen hori ez du oraindik barneratu, ez da ezagutza sendoa, baina besteen laguntzaz egiteko gai da. Ezagutza ezegonkor hori gehiago erabili ahala egingo du bere. Ikaskuntza-prozesuan aurrera egin ahala integratuko da ezagutza hori umearen garapenean. Ikaskuntzak bultza egiten dio garapen-prozesuari. Ikaskuntza antolatuak garapen mentala sustatzen du. Hori gertatzen da, adibidez, ume batek hizkuntza hobeto erabiltzen ikasten duenean, batuketak egiten ikasten duenean, edo idazten ikasten duenean. Gauza horiek ikasteari esker irekitzen zaizkio umeari garapenerako hainbat ate. Ikaskuntza-prozesu horiek gauzatzen ez badira, umeak ezin ditu garapen mentalean aurrerapausoak eman arlo horretan.

Garapenak ikaskuntzari ez dio jarraitzen itzal batek bere objektuari jarraitzen dion moduan, Vygotskik dioenez; haien arteko harremana konplexuagoa da. Baina Vygotskik eta bere taldeak frogatu ahal izan zuten ikaskuntza funtsezkoa dela garapena sustatzeko. Ikaskuntza sustatzea jarri behar da erdigunean. Ikaskuntza ez sustatzeak eragotzi egiten du garapena. Garapenaren zain egoteak eragotzi egiten du garapena.

Umeak jadanik garapen-maila jakin bat badauka, ez da eraginkorra garapen-maila horri dagozkion gauzetan aritzea. Garapena oztopatu egiten du. Emaitza eskasak sustatzen ditu. Zein da, beraz, ikaskuntza ona? Garapenaren aurretik doana. Interakzio aberasgarrien bidez, umea hurrengo estadiorako bidean jarriko duen ikaskuntza da eraginkorra. Hainbeste aipatzen den kontzeptu ospetsuak, Garapen Hurbileko Eremuak, hauxe adierazi nahi du: nork bere kasa egin dezakeenaren eta besteen laguntzaz egin dezakeenaren arteko aldea da Garapen Hurbileko Eremua. Elkarlanerako aldamio horiek eskaintzea da gure eskolen zeregina.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Be the first to comment on "Zer da lehenengo, garatzea ala ikastea?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*