Txostenak agerian uzten ditu, bai hezkuntzan bai gizartean, hainbat ume eta familiarentzat dauden desabantailak. Hala, diskriminazio-egoera horiek saihesteko eta ekitatea bermatzeko inbertsioa eta haur eskolako plazak zabaltzea funtsezkoak direla aldarrikatu du. 

Ikerketak eskolatze goiztiarraren etekinak aipatzen ditu, baita Espainian hiru urte baino gazteagoak diren umeak haur hezkuntzako zerbitzuetara joateko dauden oztopoak ere. Besteak beste, prezio altuak, plazen eskasia, izapide burokratikoak, informazio-falta, sinesmen kulturalak, antolaketa-alderdiak eta genero-diskriminazioa aipatzen dira. 

Lau traba mota definitzen ditu txostenak, eta bakoitza gainditu ahal izateko, ekitatea eta inklusioa iparra izanda, neurrien politika zehatzak proposatzen ditu: eskaintza egokia; finantzaketa eta prezioak; onartua izateko prozedurak eta irizpideak; eskaintza anitza, malgua eta beharretara egokitua; hezkuntza-sistema eta zerbitzu integralak; kalitatea erregulatzea eta bermatzea. 

Txostenaren amaieran, aipatutako politikekin koherenteak diren gomendio zehatzak ematen dira (estatuko, autonomia-erkidegoetako, udaletako eta ikastetxeetarako ardurak banaturik), eta baita gomendio horiekin lotutako proposamen ekonomikoak ere. Honako hauek dira aipatzen diren sei iradokizunak:

  • Erabilgarritasuna. Plaza publiko nahikoak eta hurbilak eskaintzea.

  • Eskuragarritasuna. Finantzazio jasangarria, prezio onargarriak eta doako plazak behar dituztenentzat.

  • Irisgarritasuna. Sartzeko irizpide eta prozesu errazak, inklusiboak eta laguntza eskainiz.

  • Malgutasuna eta inklusioa. Eskaintza anitza, malgua eta beharrei egokitua.

  • Integrazioa. Hezkuntza-sisteman sarturik eta gainerako umeentzako zerbitzuekin integraturik.

  • Kalitatea. Kalitatearen erregulazioa eta bermea, baldintzetan eta prozesuetan.

Datu eta proposamen guztiak biltzen dituen txostenarekin batera, txosten laburra (20 orrikoa) eta eranskinak argitaratu dituzte. Eranskin horien artean, Euskadiko egoera aztertzen duen 91 orriko txostena dago eskuragarri. Txosten horretan, Euskadiko 0-3 zikloaren datu interesgarriak biltzen dira, adibidez, lurraldeei buruzkoak, Haurreskolak Partzuergoaren eskaintzari buruzkoak eta abar. Ondorioen atalean, azpimarratzen da oraindik badaudela hezkuntza-sistematik kanpo geratzen diren familiak, bereziki, arazo ekonomiko larriak dituztenak, atzerritik etorritakoak eta langabezian bizi direnak. Giza desabantaila horiek gainditzeko, funtsezkoa da inklusio-politikak garatzea eta Haurreskoletan onartua izateko baremoak berrikustea, besteak beste. 

Egilea: Cristina Elorza