OLWEUS: Bullying-ari aurre egiteko programa

Eskolan lantzen den indarkeria prebenitzeko programa batek komunitatean eragina izan dezake?

Mashok eta kideek galdera horri erantzuteko OLWEUS izeneko Jazarpena Prebenitzeko Programaren eragina ikertu zuten 10 eta 18 urte bitarteko gazteekin. Delinkuentzia- eta pobrezia-indize handiak dituzten hiru hiri-komunitatetan,  OLWEUS programaren inpaktua ebaluatu zuten 6 urteko aldian.

Horren emaitza izan zen eskola-mailako esku-hartzea gazte-indarkeria nabarmen murriztearekin lotu zela komunitate-mailan.

OLWEUS programak hainbat osagai ditu barnean, jazarpenaren hainbat arrisku-faktore ekiditeko eta parekoen arteko harreman positiboak eta gaitasun sozialak sustatzeko. Osagai horien artean familiak ere badaude, ezinbesteko faktorea direlako komunitatearen barnean sortarazten diren egoera biolentoei erantzun egokia emateko. Azpimarratu daitezkeen bestelako konponenteak honako hauek dira:

  • Eskolaren antolamendu kooperatiboa. Batzorde batek jazarpenaren aurkako arauen ezagutza ziurtatzen du, ikasleekin eta familiekin aldizkako bilerak eginez. Haren helburua da ikasleei sozializazio-giro eta -ingurune positiboa eskaintzea, jazarpenaren aurkako printzipioak eta mezuak komunitatera zabalduz. Komite horretan komunitateko eragileek parte har dezakete. 

  • Ikasleekin aldian behingo bilerak izatea, eraso edo jazarpenen erakusgarriak aztertzeko eta errealitatean identifikatu ahal izateko; baita araudia berrikusteko eta haiek biktima gisa edo ikusle gisa erasoari erantzuna emateko zer egin dezaketen azaltzeko ere.

  • Ikasleei sozializazio positiboak garatzeko giroak eta guneak eskaintzea, adibidez, haien printzipioak zabalduz eta komunitateari jazarpenaren kontrako mezuak bidaliz.

  • Eskola-jazarpenaren aurkako kontzientzia handitzea, horren berri emateko ausardia garatuz, haien guraso eta irakasleei kontatzeko eta esku hartzeko prozesua ahalbidetuz.

  • Irakasleen berehalako esku-hartzea indartzen da larderiazko edozein gertakari edo portaeraren aurrean, jarraipen-bilerak familiekin eta ikasleekin eginez, eta jazarpenaren aurkako arauak nola bete adostuz.

Garrantzitsua da eragile guztiak, batez ere administrazioa eta irakasleak, jabetzea komunitate osoan esku-hartzeek izan ditzaketen onurez.

Egilea: Garazi Alvarez

garazi alvarez

Be the first to comment on "OLWEUS: Bullying-ari aurre egiteko programa"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*