Lorcaren “El romancero gitano”-k 90 urte bete ditu

Aurten, Federico Garcia Lorcaren “El romancero gitano” obrak 90. urteurrena bete du. Autore horrek sakontasunez eta emozioz beterik helarazi zuen bere mezua, eta ijitoen bizimoduaren indarra eta kemena islatu zituen.

Federico Fuente Vaquerosen (Granada) jaio zen 1898an, eta, nahiz eta 21 urterekin Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasteko Madrilera bizitzera joan, ez zuen bere jaioterriarekin lotura inoiz galdu. Autorea 27ko belaunaldiko taldearen barruan kokatzen da, non Pedro Salinas, Jorge Guillén edota Luis Cernuda bezalako idazle ospetsuak dauden. 

“El Romancero Gitano” 1928an aurkeztu zen eta autorearen produkzio poetiko garrantzitsuena dela esan daiteke. Izan ere, argitaratu bezain laster inoiz ez bezalako arrakasta lortu zuen. Bertan mundu ijitoa islatzen da, haren mundu ez ulertua, frustrazioa eta askatasunez bizitzeko grina, hain zuzen. Liburuan, poeta arauen aurka azaltzen da, gizarteari aurre eginez eta ahularen edota etsiaren alde jarriz. 

Honela aurkeztu zuen Lorcak liburua: “Liburua bere osotasunean, nahiz eta ijito deitu, Andaluziaren poema da, eta ijito deitzen dut ijitoa handiena delako, sakonena, nire herrialdeko aristokratikoena, bere moduan adierazgarriena, eta txingarra, odola eta Andaluziako eta unibertsoko egiaren alfabetoa gordetzen duena”.

Lorcak Romancero bilduma aurkeztu zuenean, liburua ez zela folklorikoa azaldu zuen; aitzitik, bere pentsamendu tragikoa azalaraziz esan zuen “ez dago ez jakatxo, ez toreatzaile jantzirik, ez kapel laurik, ez panderetarik; irudiek milurteko hondoak zerbitzatzen dituzten tokian eta pertsonaia bakarra, handia eta udaldiko zerua bezain iluna dena baino besterik ez dagoen tokian, pertsonaia bakarra, zeina goibeltasuna den”.

Federikok 38 urte zituen fusilatu zutenean, 1936ko abuztuaren 18an Viznar eta Alfacar herrien arteko errepideko olibondo baten ondoan. Gaur egun ez dituzte oraindik haren gorpuzkiak aurkitu. Zazpi balak Lorcaren gorputza zeharkatu zutenean, Espainiak, Andaluziak eta mundu osoko ijitoek zapalduen aldeko borrokalari sutsua galdu zuten.

Egilea: Laura Alvarez

LAURA

Be the first to comment on "Lorcaren “El romancero gitano”-k 90 urte bete ditu"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*