Buruko osasuna lantzeko ikuspegia eguneratzen

Biopsikosoziala. Termino hori proposatu zuen George Engel-ek 1977. urtean buruko osasuna ezaugarritzeko. Harrezkero, ikuspegi biomedikoa ez da bakarra izan. Hori izan zen lehenengo jauzia. Baina harrezkero beste hainbat aldaketa ere gertatu dira. Hurrengo jauziak zaintzaren ardurari eragin zion: gaixoak soilik erakundeen zaintzapean egotetik komunitatearen zaintza lehentasunezkoa izatera igaro zen. Ondorengo jauzia ere handia izan zen: buruko osasuna soilik adituen eskumena izatetik (psikiatrena, historikoki) beste hainbaten ardura ere izatera pasatu zen (komunitateko osasun-arloko langileena, irakasleena, zaintzaileena…). Segidan etorri zen ahalduntzearen jauzia: “ezer ez guri buruz gu gabe” lelopean, eskubideetan oinarritutako ikuspegi berria abiarazi zen.

Eta orain, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen Garapenerako Helburu Jasangarrien bidean, The Lancet punta-puntako zientzia aldizkariaren Buruko Osasunerako Batzordeak marko berria eraikitzeko unea iritsi dela aldarrikatu zuen orain dela urtebete. Giza eskubideen ikuspegitik, buruko osasuna ezinbesteko osagaia da garapen jasangarria gauzatzeko. The Lancet-eko Batzordeak proposatu du helburua ezin dela soilik izan tratamendua denentzat zabaltzea. Hori ez da nahikoa, Batzordearen arabera. Prebentziorako ekimenak hobetu behar dira, esku-hartzeen kalitatea handitu behar da, eta tratamenduen ekitatea areagotzea ezinbestekoa da. Azken helburuari dagokionez, Batzordeak nabarmendu du desberdinkeria herrialdeen artean ez ezik herrialde bakoitzaren baitan ere desagerrarazteko ahalegin handiagoa egin behar dugula.

Herentzia genetikoak daukan eragina erlatiboki handia da zenbait buruko gaixotasunetan (espektro autistan eta adimen-urritasunean, esaterako), eta askoz txikiagoa beste zenbait gaixotasunetan (depresioan eta antsietatean, adibidez), hain txikia, ezen balizko gaixotasuna erabat neutralizatu daitekeen, zeren indibiduo bakoitzak dauzkan bizipenak baitira gakoa. Edonola ere, gaixotasuna mota batekoa edo bestekoa izan, gizaki guztion burmuinak etengabe aldatzen ari dira, plastikotasun handia dute, eta faktore mota askoren eraginpean daude: genetikoak, ingurunekoak, sozialak eta fisiologikoak. Beraz, bizi ditugun testuinguru soziokulturalek erabat baldintzatzen dute gure buruko osasunaren bilakaera.

Faktore sozialek eragin handia dutenez, The Lancet-eko Batzordeak garrantzi berezia ematen dio esku-hartze sozialen kalitatea handitzeari. Prebentzioaren ikuspegitik, hezkuntza-arloan oso lan eraginkorra egin daitekeela nabarmentzen dute.

Ikerketek garbi erakutsi dute inklusioa, ezagutza instrumentala eta harreman onak lantzea bereziki lagungarria dela buruko osasuna zaintzeko. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, buruko osasuna ez da bakarrik buruko gaixotasunik ez izatea. Buruko osasuna ondo sentitzea ere bada (gure inguruarekin, gure jendearekin, geure buruarekin), babesten eta aberasten gaituzten harremanak izatea, komunitatearentzat baliagarriak garela sentitzea, eta bizitzan ohikoak diren erronkei eta arazo estresagarriei aurre egiteko gai izatea. Gure eskoletan asko egin dezakegu horren guztiaren alde.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Be the first to comment on "Buruko osasuna lantzeko ikuspegia eguneratzen"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*