Informazioaren gizartean, irakurtzea da informazioa eskuratzeko gakoetako bat. Marta Soler-en arabera, irakurtzea edo ulertzea fonema batzuk irudikatzen dituzten zeinu batzuk interpretatzea baino gehiago da. Irakurketa ez da gertaera mekaniko eta isolatua, baizik eta munduan esku hartzeko eta hori eraldatzeko aukeren unibertso berri bat. Irakurtzeak espazioak partekatzea, pentsamenduak eraikitzea eta ikaskuntza eta motibazio hezigarriak areagotzea dakar, eta hori ez da prozesu indibiduala, kolektiboa baizik.

Pertsona guztiok dugu adimen kulturala, eta horrek barne hartzen du giza interakzioaren dimentsio-aniztasuna. Ikasgeletako eta ikasgeletatik kanpoko interakzioek ikaskuntza horiek baldintzatzen dituzte.

Irakurketa dialogikoak berekin dakar irakurketa-jardueren inguruko elkarrekintzak areagotzea, tradizioz kontuan hartu izan diren espazioak biderkatzen baititu eta askotariko pertsonei irekitzen baitizkie. Interpretazio-prozesuak, esanahia eraikitzeak eta zentzua sortzeak, banakakoa izateari uzten dio eta kolektibo bihurtzen da. Irakurketa- eta idazketa-praktikekin lotutako elkarrekintzak ugaritu egiten dira, bai eta familiartekoek eta boluntarioek ikasgeletan eta, oro har, eskola-esparruan parte hartzearekin lotutakoak ere. 

Dakigunez, irakurketaren eta idazketaren ikaskuntza eskolaren munduan sartu baino askoz lehenago hasten da, eta idazketari eta irakurketarekiko jarrerei buruzko ezagutzak familiaren barruko interakzioetan garatzen dira, adibidez, ipuinak irakurriz, baita amen eta seme-alaben arteko irakurketa partekatuko uneetan ere. Hasierako interakzio horiek eragina izaten dute hizkuntzaren eskuratze-prozesuan eta irakurketaren ondorengo ikaskuntzan. Kontuan izan behar da ezagutza-oinarri horretatik haur batzuk bakarrik abiatzen direla Haur Hezkuntzara iristen direnean. Jarraian, prozesu horretan kontuan hartu beharreko zenbait faktore aurkeztuko ditugu.

Funtsezkoa da itxaropen handiko ingurunean sentitzea -non pertsona helduak, adibidez, beraiekin esertzen diren ipuinak eta liburuak irakurtzera-, komunikazio-une bihurtuta, argi eta garbi kontuan hartuta ikasle guztiek ikasteko eta irakurtzeko motibazioa dutela.

Hezkuntza-berdintasuna lortzeko haurrei eta helduei behar dutena irakatsi behar zaie, ikasteko zailtasun gehiago dituzten edo oztopo sozial gehiago dituzten pertsonen maila murriztu gabe. Haur guztiek lorpen akademikoen maila altuak izan ditzakete, potentzialik handiena lortu dezaten, aukera izanez gero. Eskolak garapen horretarako aukerak eskaini behar ditu. 

Ikasgelan parte hartzea eta interakzioak bultzatzeko pertsona guztien arteko ikaskuntza-harremanak era antolatuan sustatu behar dira. Emaitza hobeak ematen ari diren arlo honetako proposamenetako bat talde elkarreragileak edo tertulia dialogikoak dira. Eta ikasgelatik kanpo ikastetxeko espazioak (liburutegia, ordenagailu-gela, jangela, jolastokia, musika-gela…) dinamiza daitezke, bai eskolaz kanpoko ordutegian bai ohiko ordutegian. Liburutegi izeneko espazio hori plazera sortzen duen leku gisa bizitzea lortu nahi da. Ipuinak entzun daitezke, nagusiek txikiei irakurriz, belaunaldien arteko jarduerak bultzatu… Horrela, komunitate osoak parte hartzen du hasierako alfabetatze-prozesuan.

Horretaz gain, senideen alfabetatzeak eta senideekin eta komunitateko beste kide batzuekin egiten diren kultura-jarduerek zeharka eragiten dute haurren alfabetatzean, eta irakurketarako eta, oro har, idatzizko kulturarako motibazioan.

Komunitatearen parte-hartzeak berekin dakar interaktibitatea handitzea eta haurren alfabetatze-ingurunea eraldatzea, eta, horrela, ikasle guztien ikaskuntza-prozesua bizkortu ahal izango da, erritmo, maila, ingurune sozial, kultural eta lexiko desberdinetatik abiatuta, azken batean, irakurketa-esperientziak areagotuz haur guztientzat.

Egilera: Markos Bilbao

markos