Emily Doeren ahots ausarta

2015. urtean, Stanford unibertsitateko bi ikaslek lehenengo mailan zegoen gizon bat emakume bat bortxatzen ikusi zuten. 2016. urtean, epaiketa egin zenean, nahiz eta Brock Allan Turner sexu-erasoko hiru karguren erruduntzat hartu, 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten bakarrik (hiru baino ez zituen bete). Epailearen ustez, zigor luzeagoak ondorio latzak izan zitzakeen haren igerilari ibilbidean.

Injustizia horren aurrean, Emily Doek (anonimotasuna mantentzeko izen faltsua) epaia emateko auzitegian bere erasotzaileari irakurri zion deklarazioa BuzzFeed-en argitaratu zen. Argitaratu bezain pronto, elkartasuna adierazten zuten hainbeste iruzkin positibo ikusteak indarra eman zion, eta bere burua ikusteko zuen modua aldatu zuen: pertsona indartsua, ideia argiekin, beti egia defendatzen duena. 

Doeren kasuak eta epaiketaren sententziak izan zuten oihartzunari esker, bortxaketari, sexismoari eta jarrera sexual desegokiei buruzko debate bizia sortu zen. Horrela,  2018. urtean, Kaliforniako hautesleek haren kasuko epailearen kargu-uztea eskatu zen (eta hala gertatu zen), eta sexu-erasoko kasuetan sententzia minimoak ezarri ziren estatu horretan.

Aldi berean, deklarazioa irakurri zuen pertsonetako bat Andrea Schulz izan zen, Viking-eko editorea, eta Doerekin jarri zen harremanetan, liburu bat idatz zezan. Hala, Know my name joan den irailean eman zen argitara. Gainera, Emily Doek bere benetako izena ezagutarazi nahi izan zuen: Chanel Miller. Izan ere, epaiketa-prozesua pasatu izanagatik, nolakoa izan zen kontatzeko beharra zuela sentitu zuen. Haren hitzetan, “leihorik gabeko auzitegiaren barruan egotea nolakoa den idatzi beharra nuen, barruko paisaia nolakoa den, nola sentitzen den han eserita egonda eta galdeketekin erasotua izanda”. Gainera, liburua idazteak egoera prozesatzen lagundu zion, epaiketan erabili zen dokumentazio guztia irakurri ahal izan zuelako.

Liburuaren portada kintsugi artean oinarrituta dago. Izan ere, japoniar arte hori apurtu diren objektuak urrezko esmaltearekin konpontzean datza, eta, hala, Milleren osatzea sinbolizatzen du.

Egilea: Kaiera

Be the first to comment on "Emily Doeren ahots ausarta"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*