Kanpotik begiratuta pentsa daiteke Solasaldi Literario Dialogikoak ondo funtziona dezan nahikoa dela etxean liburua irakurtzea eta azpimarratzea eta, gero, azpimarratutako parrafoei buruz taldean hitz egitea. Baina hainbat ikerketak erakutsi digute lehenengo bistadizoan, agian, ikusiko ez ditugun zenbait gako ere oso aintzat hartu beharrekoak direla. Horren erakusgarri dira, adibidez, Marta Soler-en artikulu hau, Rocío García Carrión-en beste hau, Ana Llopis eta bere kideen ikerketa hau, edo Mª Ángeles Serrano eta bere kideen beste ikerketa hau. Ikerketak frogatu du Solasaldi Literario Dialogikoak baliagarriak direla testu klasikoekin gozatzeko eta nork bere errealitatetik sakon berrinterpretatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, ezagutza instrumentala ahalbidetzeko, hizkuntzak hobeto ikasteko, laguntasuna eta autoestimua sustatzeko, eta mundu ikuskera aberasgarriak eraikitzeko. Baina hain baliagarria izan dadin, zenbait xehetasuni arretaz begiratu behar zaie.
Interakziorako formatua da Solasaldi Literario Dialogikoa. Formatuaren baldintzak betetzean diren heinean da eraginkorra. Irizpideak gehiago dira, baina hemen bost gako nabarmenduko ditugu:
1. Partehartze ahalik eta zabalena sustatu behar da. Inork ezin du hitza monopolizatu. Batzuek joera handia dute asko hitz egiteko, eta horregatik komeni da partehartzeak ahal bezain beste orekatzea. Moderatzailea da horretarako giltza. Gutxien parte hartzen dutenei eman behar zaie lehentasuna. Solasaldia hasi aurretik aukera ona izan daiteke partehartzaile guztiek paragrafo bana aukeratzea eta moderatzaileak paragrafoa dagoen orriaren zenbakia apuntatzea, eta, gero, aukeratutako orrialdeen hurrenkeran hitza ematea partehartzaileei.
2. Moderatzailea ez da protagonista. Moderatzailearen lana ez da eztabaidaren nondik norakoak gidatzea. Bere rola ez da partehartzaileei galderak egiten ibiltzea. Hori egingo balu, partehartzea indartzeko eta eztabaida aberasteko aukerak murriztu egingo lituzke.
3. Bare eta lagunkoi hitz egin behar dute partehartzaile guztiek. Eztabaidak aberastu egiten du solasaldia, baita iritziak erabat kontrajarriak direnean ere. Baina eztabaida beti bideratu behar da lasaitasunetik eta besteekiko erabateko errespetutik. Moderatzailearen lana funtsezkoa da horretarako.
4. Solasaldi literario mota guztietan lantzen dira interpretazioak, baina Solasaldi Literario Dialogikoetan helburua ez da interpretazio soila. Eraldaketa sustatzea ere badu helburu. Partehartzaileek beren esperientzietatik abiatuta hausnartzen dute testuari buruz, eta beren esperientzia gainerakoek esaten dutenarekin harremanetan jartzen dute. Bakarrik egin ezingo luketena elkarrekin egiten dute, eta horrela, testua interpretatzen duten heinean, beraiek bizi duten errealitatearekiko ikuspegia eraldatu egin daiteke. Ondorioz, Solasaldi Literario Dialogikoa eraginkorra denean, solasalditik kanpoko eremuetan aldaketak eragiteko gaitasuna izan dezake.
5. Literatura klasikoko liburuekin egiten da. Zenbaitek uste dute “goi mailako” kulturaren eremuan dabiltzanentzat bakarrik direla liburu klasikoak, baina hainbat hamarkadatako esperientziak eta horri buruz egin den ikerketak agerian utzi dute jende guztiak duela sarbidea liburu klasikoetara. Baldintza egokiak sortzea da gakoa.
Egilea: Harkaitz Zubiri