Zientzia etxera eraman

Zoritxarrez, hainbat eskolatan matematika irakasteari edo irakurketa lantzeari ekiten diote, zientzia kontuan hartu barik.  Lehenengo mailetako irakasleek, askotan, astean behin edo bitan bakarrik irakasten dituzte zientziak (egiten badute) eta zientziarekiko esposizio falta hori tamalgarria da adin txikiko umeak berez kuriosoak direlako eta zientifikoki arrazoitzeko gaitasunagatik eta naturari buruz daukaten ezagutzagatik.

Hala, hainbat ikerketak erakutsi dute zientzia-arloan familiak inplikatzeak emaitza akademikoak hobetu ditzakeela, eta gelan emandako eduki zientifikoak eta praktikak etxean ere egitea onuragarria dela. Aspalditik aztertu da umeen pentsaera zientifikoa garatzen laguntzeko eguneroko egoeretan familiarteko elkarrekintzek duten indarra. 

Hortaz, Strickler eta kideek zientziaren irakaskuntza eta ikaskuntza hobetzeko diseinatu zen NURTURES proiektua aztertu zuten, ume txikientzat pentsatua. Proiektuaren barnean, familiek etxean zientzia-jarduerak egiteko ariketak bidaltzen ziren. Gainera, ariketez aparte, umeei laguntzeko esaldiak eta galderak proposatu ziren bertan, helduen eta umeen arteko elkarrekintza kolaboratiboak sustatzeko asmoz. 

Ikerketan, 5 familiak hartu zuten parte 10 astez, eta, emaitzen artean, ikusi zen familian egiteko zientzia-jarduerak diseina daitezkeela zientzia-praktiketan parte hartzea sustatzeko, familiek euren seme-alabak zientzia-kontzeptu eta -prozesuei buruzko diskurtsoetan nahasteko. Ume txikiek zientzia-kontzeptuak hobeto uler ditzakete pentsamendu eta jarrera zientifikoa (behaketa, analisia eta azalpena) sustatzen duten esperientzien bidez.

Gainera, ondorioztatu zen umeen zaintzaileek ez zutela zientziari buruzko ezagutzarik izan behar, garrantzitsuena umeek horrelako esperientziak izatea baita, hau da, geroago modu formalean ikasiko duten zientziarako oinarria eratzea. Izan ere, ikerketan parte hartu zuten zaintzaileen artean, inork ez zeukan zientziari buruzko ezagutza zabalik, baina horrek ez zuen ekidin umeek zientziarekin lotutako esperientzia izatea, elkarrekintzen bidez eta kontzeptu eta jardueren gaineko elkarrizketen bidez. Beraz, eskolak eta familiak lankidetzan aritu daitezke, ikasleen zientzia-ikasketetan onurak izateko.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251

Be the first to comment on "Zientzia etxera eraman"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*