Gauza asko ikasten ditugu eskolan, baina ez ditugu modu isolatuan ikasten. Elkar elikatzen dute, agian guk uste genuena baino gehiago. Fenomeno horiek aztertu nahi izan zituzten Erromako Sapienza Unibertsitateko Caprara-k, Barbaranelli-k eta Pastorelli-k eta Stanford Unibertsitateko Bandura-k eta Zimbardo-k elkarlanean egin zuten ikerketan: jokabide prosozialak lorpen akademikoetan zenbateraino eragiten zuen aztertu zuten. Horretarako, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako haurren jokabide prosoziala neurtu zuten, eta, gero, haur horiek 14 urteko nerabe bihurtu zirenean, berriro neurtu zuten zer nolako jarrera prosozialak zituzten eta zer nolako lorpen akademikoak erdietsi zituzten. Lau ikasturtetan zehar egin zituzten neurketak. Ikasleak askotariko jatorri sozio-ekonomikokoak ziren. Gainera, jokabide prosoziala neurtzerakoan, ikertzaileek ez zuten kontuan hartu bakarrik ikasleek beren buruaz pentsatzen zutena. Horrez gain, ikaskideek eta irakasleek haiei buruz zeukaten iritzia ere kontuan hartu zuten.

Jarrera prosoziala ez da txikikeria: barne hartzen ditu lagunkoia izatea, sozialki egokiak diren jokabideak izatea arazo sozialak konpontzeko trebezia izatea, lagun minak edukitzea, autoestimu handia izatea, eta altruismoa, besteak beste.

Emaitzek ez zuten zalantzarako tarterik utzi: jokabide prosozialek zerikusi zuzena dute lorpen akademikoekin. Emaitza hauek bat datoz aurretik beste zenbait ikerketek Amerikako Estatu Batuetan eta Japonian aurkitu zutenarekin. Baten batek pentsa dezake jokabide prosozialak adimenenean eragiten duen bezain beste eragiten duela adimenak jokabide prosozialean, eta, beraz, ikerketa honen emaitzak ez direla oso esanguratsuak. Ikertzaileek, ordea, ukatu egiten dute aukera hori: ikertzaileek diotenez, adimenak oso gutxi baldintzatzen du jokabide prosoziala, eta, aitzitik, jokabide prosozialak asko baldintzatzen du adimena.

Ez litzateke harritzekoa izan behar. Harreman sozialek nabarmen baldintzatzen dute haurren garapen intelektuala. Ikaskuntza, pertsonen arteko interakzioan gertatzen da batik bat. Ondorioz, elkarbizitza hobetzeko ekimen eraginkorrak martxan jartzea oso emankorra izan daiteke gure eskoletan. Giroa hobetuko genuke, eta, bide batez, lorpen akademikoak areagotzeko aukerak handituko lirateke, hobera egingo luke haurren auto-erregulazioak eta babes sozialerako sare sendoagoak sortuko lirateke.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117