Zer erlazio dago ligeen, noizbehinkako harreman sexualak izatearen eta estatus sozialaren artean? Eta ligeen testuinguruetan, zer-nolako erlazio sexualak garatzen dira? Sweeneyk hori guztia ikertu zuen jaiengatik, fraternitateengatik eta kirol-taldeengatik ezagunak diren unibertsitate batzuetan.
Giro horietan, gizonek, ikerketak esaten duen bezala, identitatea garatzen dute. Identitate hori elkartasun maskulinoan, konkistan, dominazioan eta emakumeak objektu gisa ikustean oinarritzen da. Gainera, emakumeekiko mespretxua erakusten duten eta beren maskulinitatea goraipatzen duten komentarioak egiten ohi dituzte.
Testuinguru horiek mutilak indartzen dituzte neskak konkistatzeagatik. Emakumeak, aldiz, etiketatu egiten dituzte, eta batzuk besteak baino hobeto balioesten dituzte, edertasunaren eta sexy izatearen arabera. Mutilen estatusak, emakume askorekin harremanak izanez gero, gora egiten du. Emakumeenak, aldiz, behera, mutilen artean haiei buruz txarto hitz egiten dutelako. Gainera, mutil batek ondo balioetsita dagoen emakume batekin ligatzen badu, ondo baloratuko dute lagunek, eta inbidia izango diote. Kontrakoa gertatzen bada, eta gizon batek “txarto baloratuta” dagoen emakume batekin harremanak izaten baditu, lagunen errefusa edo irainak sufrituko ditu.
Ikerketan parte hartu zuten mutil batzuek adierazten zuten bestelako erlazioak nahiago dituztela. Hala ere, esaten zuten haien lagunen artean irudi jakin bat mantendu behar zutela, nahiz eta txarto sentitu nesken kontra horrelako komentarioak egitean. Hori dela eta, emakume bat benetan interesatzen zitzaienean eta haien lagunei kontatzen zietenean, kontu handiz ibiltzen ziren neska hori txarto ikusita egoteko arriskuaren aurrean.
Oro har, holako testuinguruetan, mutilek nesken identitatea objektu sexual gisa eraikitzen dutenean, azken horiei kalte handia egiten die eta suntsiketa soziala sufritu dezakete. Zenbait neskaz sexualki aprobetxatzen dira, eta indarkeria erraz ager daiteke halako harremanetan, ez dutelako pentsatzen ondo tratatu behar dituztela.
Ikerketaren arabera, harreman sexual horietan, nesken helburua, gehienetan, mutilen gozamena izaten da. Mutilei, ostera, ez zaie interesatzen neskek pentsatzen edo sentitzen dutena, haien kideek esango dutena bakarrik. Gainera, haientzat “balio txikiko” neskak badira, “azken baliabidetzat” hartzen dituzte; lagunen artean porrota balitz bezala azaltzen dute, edo “hormonak” direla eta gertatu dela esaten dute.
Ondo baloratuta dauden neskekin harremanak dituztenean, mutil horiek ezberdin ikusten dituzte. Alde batetik, neska horiekin elkarrizketak izaten saiatzen dira, eta, bestetik, zenbait kasutan, uste dute iraganean “balio txikiko” neskekin izandako harremanak ez direla oztopoa izango etorkizunerako nahi dituzten erlazioak eraikitzeko. Eta hori ez dago batere argi.
Testuinguru horietan sortzen den diskurtso hertsatzailea gainditzeko eta, bide batez, genero-indarkeria saihesteko, oso lagungarriak dira horrelako ikerketak. Argi adierazten dute estatus altua duten edo popularrak diren mutil horiek ez dutela sexu-plazerrik ematen, ezta inolako onurarik ere. Neskek eta halakoak ez diren mutilek ikerketa horien ondorioak edo datuak ezagutzen dituztenean, “popular” horiek duten erakargarritasuna kendu ahal izango diete.
Egilea: Carlota Oteo