Suizidioaz hitz egin behar da, baina ez edonola

Suizidioaz hitz egiteak ez du arazoa sustatzen, are gehiago, suizidioaren kontrako txertoa da komunikazioa; suizidioaz beldurrik gabe hitz egin behar da;  suizidioa armairutik atera behar da. Horiek dira 2019ko suizidioaren  prebentzioaren munduko egunaren ospakizunean egon diren mezu garrantzitsuetako batzuk. Horrekin, azken urteotan suertatu den paradigma-aldaketa agerian geratu da: berau ezkutatzetik berari buruz hitz egitera, arazoa ekiditeko edota irtenbidea emateko.

Gaur egun, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen taldean, suizidioa bigarren heriotza-kausa nagusia da, eta, INEren datuen arabera, gazteen suizidio kopurua handitzen ari da; dena den, OMEk, irailaren 2an egin zuen argitalpenean, suizidioa prebenitu daitekeela azpimarratu du. Badira neurri batzuk biztanleriaren, biztanleria-taldeen eta pertsonen artean nork bere buruaz beste egitea eta saiakera ekiditeko. Prebentzio-jarduera horiek, nahitaez,  gizartearen sektore ugarien koordinazioa eta lankidetza eskatzen dituzte, hezkuntza-arlokoa barne.

Francisco Villarrek, psikologo klinikoa eta Bartzelonako Sant Joan de Déu Ospitalean jokabide suiziden unitatearen buruak, azken urteetan zentroan tratamendua jaso duten adingabeen 800 kasu baino gehiago aztertu ditu, eta horietatik, % 60 dira ibilbide luzeko portaera-arazoak dituzten gazteak: moldatzeko arazoak, eskola-porrota eta familia-arazoak, besteak beste. Adituak irailean emandako elkarrizketan azaldu duenez, alarma soziala ekiditea oso garrantzitsua da.  2017an gizartean alarma sozial handia sortu zen: alde batetik, “Balea Urdina” eta “13 arrazoirengatik” telesailak modan zeuden, beste aldetik, kasuak areagotu egin ziren eta, zirkulua osatzeko, gaia pil-pilean zegoen komunikabideetan.

Begi bistan dago komunikabideek sortutako mezu batzuek prebentzioaren kontrako ondorio larriak ekar ditzaketela. Horrela, OMEk  hautatu duen estrategia da komunikabideek informazio arduratsua ematea. Ginebran duen erakundeak zinema eta telebista industriei gomendatuko die “suizidioaren konplexutasunak aztertzeko, sinplifikatu gabe”, baita suizidioa zuzenean pantailan ez erakusteko eta ibilbide horretan arazoak gainditzen dituzten pertsonak erakusteko ere, eta ez suizidioaren aldeko apustua egiten dutenak.

OMEk argitaratutako txostenak nabarmentzen du prebentzioa babes-faktoreak indartuz garatu daitekeela, hala nola “harreman pertsonal sendoak, sinesmen-sistema pertsonala eta aurre egiteko estrategia positiboak”, eta gogorarazten digu neurri horiek eskolako esku-hartzeak barne hartzen dituztela. Ikastetxeetan ere ikasleekin lan egiteko aukeratzen ditugun  edukiak azter eta zaindu ditzakegu, eta, zalantzarik gabe, elkartasun- eta adiskidetasun-sareak sustatu, funtsezko babes-faktorerik garrantzitsuenetarikoa baitira.

Egilea: Isabel Mendizabal

IMG_-ua20bk

Be the first to comment on "Suizidioaz hitz egin behar da, baina ez edonola"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*