Lagun minak izateak depresioa jasateko probabilitatea murriztu dezake arrisku genetikoa duten umeengan?

Hainbat ikerkuntza genetikok erakutsi duten bezala, umeek izan ditzaketen depresioaren sintomak, neurri batean, faktore genetikoekin lotu daitezke. Hala ere, badakigu inguruko faktoreek ere paper garrantzitsua dutela, geneen eta inguruaren arteko interakzioaren ondorioz. Hala, gertakari estresagarriek (lagun baten heriotza, gaixotasunak edo gurasoen banaketa, adibidez) depresioa jasateko aukerak areagotzen dituzte. 

Orain arte, nagusiki, geneen eta inguruaren arteko interakzio hori inguruko esperientzia negatiboekin lotuta ikertu da bakarrik, arrisku genetikoa eta ingurune positiboen arteko erlazioa alde batera utziz. Ildo horretatik, Brendgen eta bere kideek, depresiorako joera genetikoa duten umeen artean, adiskidetasunak hori pairatzeko probabilitatea murrizteko izan zezakeen boterea aztertu zuten. Zehazki, lau galderari eman nahi izan zioten erantzuna: depresioa izateko arrisku genetikoa murriztu daiteke lagun min bat izanda?; arrisku hori txikiagoa da lagun min gehiago izanez gero?; adiskidetasun horren kalitateak eragina du arrisku genetikoa murrizteko orduan?; eta, ba al dago ezberdintasunik mutilen eta nesken kasuan?

Horretarako, 294 biki-parek parte hartu zuen ikerketan. Irakasleen, ikaskideen eta parte-hartzaileen iritziak (testen bidez adieraziak) kontuan hartu zituzten umeen sintoma depresiboak neurtzeko. Bestalde, biki bakoitzari bere lagun mina zein zen galdetzeaz aparte, adiskidetasun horren kalitatea ere neurtu zuten.

Emaitzen artean, sexuen arteko ezberdintasunak ikusi ziren: nesken kasuan, lagun min bat izateak nabarmenki murriztu zuen depresioa izateko arrisku genetikoa. Mutilei dagokienez, murrizketa hori ez zen hain nabarmena izan. Ikertzaileen arabera, emaitza horren arrazoia da neskek erlazio sozialetan balidazio soziala, enpatia eta laguntza emozionala bilatzen dutela, eta horrek haien ongizate emozionalari onura handiagoa ekar diezaiokeela. Gainera, lagunen kopuruak ez zuen eraginik izan nesken ongizate emozionalean.

Hala ere, horrek ez du esan nahi mutilek ez zutela onurarik lagunak izateagatik; aurkikuntzen arabera, mutilen kasuan, zenbat eta lagun gehiago izan, orduan eta txikiagoa zen depresioarekiko arrisku genetikoa. Ikerketan azaltzen denez, mutilek taldeko adiskidetasuna bilatzen dute; neskek, berriz, erlazio intimoagoak.

Aitzitik, adiskidetasunaren kalitateak sintoma depresiboak murrizteko garrantzi handia zuela ikusi zen, mutilen zein nesken kasuan. 

Amaitzeko, azpimarratzekoa da, depresioa jasateko arrisku genetikoa duten gazteek lagun minak izan ditzaketen arren, horiek kalitate handikoak izateko probabilitatea txikiagoa izan ohi dela, gainerako gazteekin konparatuta. Izan ere, hainbat ebidentziak erakutsi duten moduan, askotan, depresioa duten pertsonek zoritxarrekoak diren lagunak aukeratzen dituzte, eta horrek jarrera eta pentsamendu depresiboak areagotu ditzake. 

Beraz, aurkikuntza horiek kontuan hartuz, oso garrantzitsua da esku-hartze prebentiboak egitea, arreta handia jarriz ez bakarrik depresioa izateko aukera handia duten umeen lagunak egiteko gaitasunean, lotura horiek denboran zehar mantentzeko gaitasunean ere bai.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251

Be the first to comment on "Lagun minak izateak depresioa jasateko probabilitatea murriztu dezake arrisku genetikoa duten umeengan?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*