Ez zeukan denbora askorik, bazekien. Tuberkulosiak jota zegoenez, edozein momentutan buka zitekeen bere mundualdia. Azkar izan zen, 37 urterekin. Baina ordurako lortu egin zuen ikertzaile-taldea osatzea eta mugarri izango ziren aurkikuntzak egitea. Lev Vygotski-k eta bere taldeak arin mugitu behar izan zuten. Laborategian proba pilotuak egiteari ekin zioten.
Lau eta bost urteko haurrek zenbait arazo praktiko nola ebazten zituzten aztertu zuen Levina-k, Vygotskiren lankide batek. Esperimentu batean gozo bat jarri zuen altzari baten gainean, haurra iritsi ezin zitekeen lekuan. Helburua nola lortu pentsatzen hasi eta berehala, haurra bakarrizketan hasi zen. Hastapenetan, egoeraren analisia egin zuen hitzen bidez, baina, pixkanaka, haurraren bakarrizketak izaera planifikatzailea hartu zuen. Balizko bideei buruz hausnartzeari ekin zion.
Antzerako beste hainbat proba egin zituzten, eta garbi ikusi zuten haurrentzat ekintza bezain garrantzitsua zela hitza. Helburua lortu nahi bazuten, horri buruz hitz egiteak nabarmen handitzen zituen arrakastarako aukerak. Helburuaren zailtasunak handitu ahala, gehiago hitz egitera jotzen zuten haurrek. Vygotski harrituta gelditu zen hizkuntzaren erabilerak ahalbidetzen zuen askatasunarekin. Altzari gainean dagoen gozoa eskuratzeko, gizakia gai da bide zuzenenak gainditu eta soilik bere buruan dauden konponbideak eraikitzeko. Hizkuntzak irekitzen dio atea askatasunari. Tximuek ez daukate halakorik, beren usaimenak, entzumenak eta ikusmenak mugatzen baitute tximuaren eremu psikologikoa. Gizakion ahalmen potentziala oso bestelakoa da: gizakion garapen intelektualean dena aldatzen da hizkuntzaren erabilera eta jarduera praktikoa uztartzen direnean. Horrela sortzen dira gizakiok hain berezko ditugun adimen praktikoa eta abstraktua.
Vygotskiren probetan, haurrek nahiago izaten zuten esperimentua gidatzen ari zen helduarekin hitz egin, bakarka aritu baino, baina esperimentuan heldua isilik egotera behartzen zutenean (arazo horren aurrean haurrak zer egingo zuen aztertze aldera), haurrak bakarrizketan aritzera jotzen zuen (Piagetek hizkuntza egozentrikoa deitzen zuena, Vygotskiren arabera, hizkuntza sozialaren barneratzea besterik ez zen, hizkuntza sozialaren aldaera indibidualizatua).
Zenbait esperimentutan, haurrari hizkuntzaren erabilera erabat debekatzen ziotenean, ezin zuenez hizkuntza erabili, ez zen gai izaten helburua lortzeko, eta, aitzitik, erronka beraren aurrean hizkuntza erabiltzea baimentzen bazioten, gai zen helburua lortzeko.
Irakaspen argigarria da irakasleontzat: sustatzen ditugun jardueretan hizkuntza bidezko interakzioa etengabe sustatzea komeni da. Haurrak errazago iritsiko dira altzariaren gainean dagoen gozo horretara.
Egilea: Harkaitz Zubiri