Alkohol-sindrome fetala duten umeei nola irakatsi?

Alkohol-sindrome fetala (ASF) neurogarapenaren desgaitasuna da. Sindrome hori haurdunaldian zehar fetua alkoholaren eraginpean egoteagatik sortzen da. Horrek ondorioak sortzen ditu umearen hainbat garapen-arlotan, hala nola gorputzaren itxuran, garapen mentalean eta jarreran.

Egoera horren aurrean, azken urteotan metakognizioa entrenatzean oinarritutako esku-hartzeak goraka egiten ari dira ASF duten umeen ikaskuntza eta erregulazioa hobetzeko. Hainbat ikerketak erakutsi dute, ikuspegi metakognitiboan oinarritutako esku-hartzeen bidez, ASF duten pertsonek hobekuntzak izan ditzaketela atentzio-mailan, oroimenean, matematikan eta funtzio exekutiboan. Izan ere, metakognizioa bakoitzaren “barneko hizkuntzarekin” lotuta dago, eta bakoitzaren gaitasunak ezagutzean, jardueren zailtasun-maila identifikatzean eta estrategia ezberdinak ezagutzean oinarrituta dago. 

Horren harira, “Teaching Children With Fetal Alcohol Spectrum Disorder to Use Metacognitive Strategies” artikuluan, ASF duten pertsonek erabiltzen dituzten estrategia metakognitiboak aztertu dituzte, baita estrategia horiek nola ikasten dituzten ere. Hala, gure irakasteko modua eta haien ikasketa-bidea egokitzeko aukera eman nahi da. 

Lehenik eta behin, hainbat autorek aipatu duten bezala, garrantzi izugarria dauka ASF duten pertsonen ingurua euskarriz eta sostenguz hornitzea. Hori kontuan hartuta, ikerketa ASF zuten zazpi parte-hartzailerekin egin zen.

Haien pentsatzeko eta ikasteko estrategiak ezagutzeko, hainbat bide erabili ziren. Alde batetik, Cognitive Carnival ordenagailuko jokoa erabili zen astero 60 edo 90 minutuz. Bertan, batez ere, oroimena eta arreta lantzen ziren. Bestetik, ikertzaileak behatzen aritzen ziren, informazioa jasotzeko helburuarekin. Noski, zailtasunak agertuz gero, ikertzaileek hainbat estrategia proposatzen zizkieten ikasleei. Horien artean, honako hauek zeuden: gatazka identifikatzea, estrategia egokiena erabakitzea eta prozesua edo estrategia hori sendotzea. 

Egindakoari esker, ondorioztatu da metakognizioa lantzeak umeek estrategia desberdinak ikastea eta erabiltzea dakarrela. Baina, hori gutxi balitz, ikusi da ume horiek modu espontaneoan ere erabiltzen zituztela ikasitako estrategiak. Horregatik, ondoriozta dezakegu metakognizioa lantzeak ondorio onak dituela alkohol-sindrome fetala daukaten umeengan. Izan ere, haien gaitasunetan aurrerapenak lortzen dira; esate baterako: arretan, oroimenean edo funtzio exekutiboan. 

Amaitzeko, artikuluan aipatzen den moduan, ikerketa horrek eztabaida interesgarri bat eskaintzen digu. Izan ere, alkohol-sindrome fetala daukaten umeek erakutsi duten moduan, 26 modu desberdin erabili dituzte metakognizioa lantzeko. Beraz, agian, pertsona horien desgaitasunei buruz aritzeaz gain, haiek dauzkaten gaitasunez ere aritu beharko genuke, ezta?

Egilea: Patricia Peña

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59

Be the first to comment on "Alkohol-sindrome fetala duten umeei nola irakatsi?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*