Haurtzaroa eta nerabezaroa osasun mentalerako une erabakigarriak dira. Izan ere, osasun mentalarekin zerikusia duten arazoen erdia baino gehiago fase horietan hasten dira eta helduarora arte irauten dute. Azken urteotan, arazo horiek (hala nola depresioa eta antsietatea) pairatzen dituzten haur eta nerabeen kopurua ia % 20ra iritsi da. Duten adina dela eta, eskola-ingurugiroak oso eginkizun garrantzitsua dauka osasun mentala babesteari dagokionez. Hala ere, komunitatean suertatzen diren elkarrekintzek osasun mentalean dituzten ondorioei buruzko ikerketak eskasak dira. Beraz, horri buruz aritu ziren Deustuko Unibertsitateko García-Carrión eta kideak.
Lehenik eta behin, osasun mentalaren definizioa eman beharra dago. Munduko Osasun Erakundearen arabera, honako hau da: “ongizate-egoera, non norbanakoak bere abileziak garatu, eguneroko estresari aurre egin, lan emankorra egin eta bere komunitatea hobetzen laguntzen duen”.
Ikertzaile-taldeak, definizio horri erreparatuz eta, besteak beste, “komunitate”, “eskola” eta “elkarrekintza” gako-hitzak kontuan hartuz, arestian egindako 384 ikerketa aurkitu zituen; hala ere, inklusio-esklusio irizpide zorrotzak jasan ondoren, 11 artikulu aintzat hartu zituen. Artikuluok eskoletako arazo mentalen prebentziorako programei eta arazo mentalak edo haien sintomak zituzten haur eta nerabeei buruzkoak ziren; denetan zen emaitza positiboa, eta estrategia garrantzitsuena gazte horien eta inguruko jendartearen arteko elkarrekintzak (elkarrizketak, elkarlaneko joko interaktiboak, tutoretzak…) sustatzea zen.
Ikerketa horiek batera jarriz, ikertzaileak ondorengo ondorioetara iritsi ziren. Alde batetik, ikasleak haien artean solasean aritzea (edota antzeko ekintzak) sustatuz, beren autoestimua, ahalduntzea, laguntasuna, enpatia eta portaera ona (ondorioz, irakasleekiko harreman ona) garatzen ziren, eta bullying eta arrazakeria kasuak gutxitzen ziren. Gainera, etorkizunean depresio eta antsietaterako tratamenduetan eragin positiboa zuela ikusi zuten. Bestalde, gazteen eta familiaren arteko komunikazioa ezinbestekotzat hartu zuten, baita familiaren eta irakaslearen arteko elkarlana ere. Proposamenen artean, familiak irakasleari (eta alderantziz) ikaslearen gaineko ebaluazioa helaraztea, eskuratutako trebeziari eta jarrera onari buruz maiz berri ematea edo senideek gazteengan jarrera laguntzailea eta elkarrizketarako gogoa mantentzea gailentzen ziren.
Laburbilduz, aztertutako ikerketa guztiek erakusten zuten bezala, eskolako elkarrekintzek (ikasle, irakasle, senide eta gainontzeko komunitate kideen artekoak) osasun mentala garatzen laguntzen dute, haur eta nerabeen ongizatea bultzatuz, eta arazo mentalen sintomak gutxiagotzen dituzte. Beraz, oso baliogarriak lirateke haien prebentziorako programetan, baita eskola-ingurugiro osasuntsu batean ere.
Egilea: Anai Telletxea