Elementu kimikoen taula periodikoa, denen eskura

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2019a Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen. 

Gainera, Nazioarteko Urte honetan, Dimitri Ivanovitx Mendeleiev zientzialari errusiarrak elementu kimikoen taula periodikoa sortu izanaren 150. urteurrena ere ospatzen da. Kimika modernoaren sortzaileetako bat izan zen kimikari ospetsuak 1869an argitaratu zuen planetan dauden konposatuen sailkapen ezagunaren lehenengo bertsioa, zientziaren historiako mugarririk garrantzitsuenetakoa, adituen esanetan. 

Berak elementuen joera periodikoak erakusteko prestatu zuen taula, eta horretarako, elementuak propietate kimikoen  arabera sailkatu zituen. Bestetik,  Mendeleievek ordura arte ezezagunak ziren elementu batzuen propietateak aurreikusi zituen, eta aldi berean, elementu ezezagun horiek taularen leku hutsetan kokaturik egongo zirela iradoki zuen. Gerora, elementu berriak aurkitzean, Mendeleievek eginiko iragarpen gehienak zuzenak zirela egiaztatu zen.

Taula horretara orain dela gutxi, 2016an, lau elementu gehitu dira (115tik 118ra, nihonioa, moskovioa, tenesoa eta oganesona).

Taula horren gaineko kuriositate batzuk elementuen izenetan daude. Helioa, adibidez, mitologia grekoari lotuta dago, eguzkiaren jainkoari, hain zuzen. Besteren bat, polonioa esaterako, elementu hori aurkitu zuen Mari Curiren jatorritik hartuta dago, eta horrekin lotuta, Marie Curiek eta bere senarra Pierrek egindako lanari aintzatespena egiteko jarri zen kurio izena.

Gure etxetik hurbil ere, Bergarako seminarioko laborategietan, elementu kimiko berri bat aurkitu zuten Elhuyar anaiek, wolframa. Gogor lanean aritu ondoren, 1783ko irailaren 28an lortu zuten wolframa isolatzea.

2019. urteak aukera eman digu, beraz, elementuei eta kimikari daukaten garrantzia aitortzeko, gaur egungo gizarteak dituen erronkei soluzioa ematerako orduan. 

Egilea. Karmele Urrutia

1_karme

Leave a comment

Your email address will not be published.


*