Michelle Selemela, Jennifer Ngobeni, Keabetswe Lebakeng, Gomolemo Seboko… Johannesburgotik hurbil dagoen Alexandran bizi dira. Bertako egoera nahiko arriskutsua da: 2012tik hilketek gora egin dute, datuen arabera. Iaz 57 hildako erregistratu ziren egunero, eta haietatik heren bat suzko armaz egin ziren. Gun Free South Africa errealitate horren aurka egiten duen elkartea da, eta horretarako aurkitu duen modu eraginkor bat “Bigger Than Life” proiektua da, Alex FM irratiaren bidez martxan jarri dutena.
Astean behin, Alexandrako gazte-talde bat irrati-estudioan elkartzen da musika eta eztabaidak partekatzeko. Lantzen dituzten gai guztiek arazo sozial larri bat dute ardatz: suzko armek dakarten biolentzia. Irratiko programa komunitario horretan parte hartzen duten nerabeek argi dute edozein motatako bortizkeriaren aurka daudela, eta euren ahotsek eta istorioek kausa horren alde jartzen dituzte.
Gazte horien esfortzua ahalik eta eraginkorrena izateko, Gun Free South Africa elkarteak, Childrens Radio Foundation-ekin batera, lidergoa eta kazetaritzarako gaitasunak erakusten dituzten gazteei trebakuntza teknikoa eskaintzen die. Proiektu horretan inplikatu direnen artean helburua oso argia da: gazteriaren artean suzko armei buruzko eztabaida konstruktiboa sortzea, komunitate-zentzua sendotzearekin batera. Horretarako, kontinente osoan hedatuen dagoen komunikabidea erabiltzea erabaki dute: irratia, zeinaren ahotsak, ideiak eta ametsak urrutira eramaten dituzten uhin ikusezinek.
Egilea: Andrea Kalfaoui