Institut Escola Mediterrani-ko udalekuak: familien ametsak egia bihurtzen

Institut Escola Mediterrani ikas-komunitatean, ametsaren fasean, familiek udan prestakuntza akademikoari jarraipena emateko udalekuekin amestu zuten. Eskakizun horri erantzuna emateko, jada hirugarren edizioa egin dute aurten. Goizero zientzia- eta kultura-tailerrak antolatzen dira bertan, baita tailer akademikoak ere; izan ere, ondo pasatzeaz gain, udalekuen helburu nagusiak ikastearen garrantzia sustatzea eta ikasleei erreferente akademiko anitzak eskaintzea dira, haien etorkizunerako aukera gehiago eskaintzeko. 

Regina Gairalek, udalekuen koordinatzaileak, azaldu zuenez, eskolako ikasleen artean, % 80 ijitoak dira, eta gainerakoen jatorri nagusia Maroko da. Asko dira akademikoak ez diren familiak, maila sozioekonomiko baxukoak, eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ezin dituztenak. Ondorioz, gurasoen kezka nagusia zen udako hilabeteetan seme-alabek ikasturtean zehar ikasitako edukiak galtzen zituztela.

Aurtengo udalekuetan 80 ikaslek eman dute izena, eta kontratatutako 6 monitoreez gain (Kataluniako Pla Integral del Poble Gitano-ren diru-laguntzari esker kontratatuta daudenak), boluntarioak ere badira. Aipatzekoa da erretiratuta dagoen ingeniaria, matematikan asko laguntzen diena, edota URVko irakasle bat, zeinekin kimikako tailerrak egiten dituzten.

Ordutegiari begira, goizeko 9etatik 11etara etxerako lanak egiten dituzte, familia askok ezin dietelako etxean horiek egiten lagundu. Ondoren, jolastordu gidatua daukate. Egiten dituzten jolasen artean, zapiarena dago, baina zenbakiak esan ordez, biderketak esaten dituzte. Azkenik, 13etara arte, boluntarioekin tailer akademikoak ematen dituzte: kimika, literatura, paleontologia… eta beste hainbat arlotako tailerrak ere ematen dituzte. Izan ere, haien hitzetan, “ezin dute amestu ezagutzen ez duten zerbaitekin, horregatik, existitzen den guztia erakutsi nahi diegu”. 

Tailer bat ematera etorri den pertsonetako bat Manuel García da, URVko doktorea nanoteknologian. Erreferentea da hainbat ikaslerentzat, ijitoa delako, eta askok euren burua harengan islatuta ikusten dute. Udalekua estereotipoak apurtzen laguntzen ari da, eta familiak unibertsitatera joateak nolako balioa duen galdetzen hasi dira. Lehen, haietako askok ez zuten unibertsitatera joateko aukera ikusten, eta orain bekak bilatzen hasi dira.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta.

IMG-4251

Be the first to comment on "Institut Escola Mediterrani-ko udalekuak: familien ametsak egia bihurtzen"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*