Sormena garrantzitsua dela entzuten dugu maiz. Egia esan, hori esaten dutenei ez zaie arrazoirik falta. Baina, batzuetan, sormena zer den ulertzeko oinarri nahiko kaskarrak erabiltzen ditugu: sormena naturaltasunez atera behar dela aldarrikatu izan dute, ezin dela ezer egin sormena sustatzeko, berezkoa dela, indibidualki atera behar dela, ezin dela esku hartu, bestela sormenaren askatasuna mugatzen ari garelako. Sormena sustatu nahi dugunean ikuspegi horretatik jarduten badugu, litekeena da gure ekimenaren emaitzak kaskarrak izatea.

Sormena ez da jardun indibidual soila, inoiz ez da hala izan. Sormena, funtsean, aurretik existitzen diren osagaiak birkonbinatzea da, eta, aldi berean, jendeari modu erakargarrian helaraztea eta jendeak sormenari buruzko iritzia ematea. Prozesu horretan norbanakoak zeresan handia dauka, baina osagai indibiduala bezain garrantzitsuak diren beste osagai batzuk ere badaude. Beraz, sormena ahalbidetzeko ezinbestekoa da informaziorako sarbidea bermatzea eta, era berean, balizko hartzaileekiko kalitatezko harremanak sustatzea. Hainbat ikertzailerentzat hain erreferentziala den Chicagoko Unibertsitateko Mihaly Csikszentmihalyi-ren ekarpenetan argi azaltzen da ikuspegi hori.

Baina nola ekar ditzakegu ideia horiek praktikara? Eraginkorrak diren bi gako emango ditugu:

Batetik, taldeak dira sormen indibiduala nahiz kolektiboa egosteko testuingururik egokiena, baina talde mota guztiek ez dute ondo funtzionatzen. Hainbat urtez artista-taldeak aztertzen aritu ostean, Michael Farrellek ondorioztatu zuen sortzaile-talde emankorrenek kalitatezko harremanak zituztela beren lanaren oinarri. Talde horietan sormenari lotutako trebeziak bereziki lantzen zituzten, trebezia horiek bereziki estimatzen zituzten, baina dinamika horrek ondo funtziona zezan ezinbestekoa zuten hori guztia laguntasun-giroan egitea. Bestela, bakartuta zeudenean, sortzaile onenei ere askoz gehiago kostatzen zitzaien fundamentuz aritzea, denbora gehiago behar zuten, kalitatez eskasago ibiltzen ziren, eta, gainera, erronkari aurre egiteak arazo pertsonal handiagoak eragiten zizkien. Beraz, lehenengo gakoa: kalitatezko harremanak dituzten taldeetan egosten da sormena ondoen.

Bestetik, osaera anitzeko taldeak dira eraginkorrenak, hain zuzen, taldekideak ezagutzaz elkarrengandik urrun daudenean, baina, aldi berean, interakzio kolaboratiboetan aritzen direnean. Columbiako Unibertsitateko Mathijs de Vaan eta bere kideek, esate baterako, horixe ondorioztatu zuten beren ikerketan. Hortaz, bigarren gakoa: lankidetzan dabiltzan talde heterogeneoetan pizten da sormena ondoen.

Eraikitzen dugun testuinguruak sormen indibiduala nahiz kolektiboa nabarmen baldintzatuko duenez, gure esku-hartzea ahalik eta eraginkorrena izatea komeni da.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117