Munduko Unibertsitate onenak, Harvardek, 9 urte iraun duen hezkuntzari eta udari buruzko ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu bere webgunean. Paul Reville eta Elaine Weiss ikertzaileek zera planteatu zuten: ikasturtean zehar umeek denbora gehiago ematen dute eskolatik kanpo eskolan baino. Beraz, irakasleak ez diren eta umeekin elkarrekintzan dauden bestelako helduek eragin handia dute ikasleen ikasketa-prozesuan zein garapenean. Ikertzaileen arabera, errealitate hori askoz ere agerikoagoa da udako oporretan, non errutinak ez diren horren “finkoak”. Gauzak horrela, maila sozioekonomiko ezberdineko ikasleen arteko maila akademikoaren desparekotasuna areagotu egin daiteke udako hilabete horietan, denek ez baitituzte ikasketa-aukera berdinak.
Askotariko hamabi komunitatetan jaso dituzten datuek tinko azpimarratzen duten ideia zera da: udan ikasteko aukera eskubidea izan beharko litzateke, luxua baino. Hau da, udako hezkuntza-jarduerak ume guztiek eskuragarri izan beharko lituzkete. Horretara heltzeko, ikerketak dioen antzera, komunitateko kideen, elkarteen, familien, politikarien eta eskolen arteko harreman sendoa da oinarria.
Edozein aldaketa sozial errealitate bihurtu baino lehen, amets izan zen. Hona hemen gure udako ametsa: ume guztiak ikasteko eta garapena sustatzeko aukerak izatea, udan ere bai.
Ametsen artean, irailaren 1ean bueltatuko gara. 2019/2020 ikasturteari ongietorria emateko irrikan gaude jada!