Testuinguru konplexuetan dauden eskoletan, zuzendaritzak zehazten dituen orientabide pedagogiko eta administratiboek zeresan handia dute. Gaian sakontze aldera, Winterbottom ikertzaileek egoera sozioekonomiko baxua zuten EBko bi eskolatan ikerketa egin zuten. Ikerlanaren oinarrian dagoen ideia zera da: gizarte-justiziaren ikuspegitik hartutako erabakiak berdintasunarekiko konpromiso sendoa sustatzen dute.
Ikerketa horretan, “gizarte-justiziak” ikasle guztiak errespetuz eta zintzotasunez tratatu behar direlako ideia laburtzen du. Beraz, gizarte-justiziako ikuspegiak zintzotasunean eta berdintasunean oinarritutako erabakiak hartzen laguntzen duela esan dezakegu.
Christian eta Shauna Winterbottom ikertzaileek hiru astez behatu zieten bi eskoletako zuzendaritza-taldeen interakzioei, beste irakasleekin, familiekin, ikasleekin eta parte-hartzaile guztiekin egin zituzten elkarrizketetan. Informazio horretatik, lau ardatz nagusi nabarmendu ziren: eskola-komunitatea sortzea, hezkuntzaren bidez pertsona oro ahalduntzea, harremanak eraikitzea eta erronka pedagogikoak laburtzen dituena. Gizarte-justiziaren ikuspegitik, bi eskoletako zuzendariek irakasleekin eta ikasleen familiekin denentzako ikasketa-giroa sortzeko ahalegina erakutsi zuten. Ildo horretatik, eskolan martxan jartzen zen edozer plan edo ekintza zintzotasunetik edota berdintasunetik aldentzen zenean, zuzendariek funtzionatzen ez zuen hori aldatzeko edo birplanteatzeko joera zuten. Bi eskoletako zuzendarien aburuz, eta aipatutako lau ardatz horiek oinarritzat harturik, ez da gizarte-justiziakoa “rol neutrala” izatea, bereziki egoera sozioekonomiko zailagoa dutenentzat.
Laburbilduz, ikasle zein familia guztientzat aukera-berdintasuna eskaintzeko, gizarte-justizia ikuspegitik funtzionatzea lagungarria gertatu zitzaien ikerketan parte hartu zuten zuzendariei.
Egilea: Andrea Khalfaoui