Gaur egun gazteek Internet erabiltzen dute komunikabide gisa. Hori oso aberasgarria izan daiteke hainbat kasutan, baina gauza guztiak bezala, txarto erabiltzen bada, kaltegarria izan daiteke. Askotan, Interneten bidez erasoak egiten dira. Oliverrek eta Santosek egindako ikerketan adierazten da, 8-12 urteko gazteen artean, % 86k baino gehiagok inoiz Interneten bidez erasoak pairatu dituela. Gainera, azken urteetan, eraso horiek areagotu egin dira.

Ikerketa batzuek erakutsi dute bortxakeria sozializazioaren ondorioa dela. Horren bidez, erakarpena bortxakeriarekin lotzen da. Baina, erakarpena soziala denez, aldatzeko aukera izango dugu. Horretarako, ikastetxeetatik lan egin behar da gazteek gizartetik jasotzen dituzten eragin negatiboak eraldatzeko.

Hori lortu ahal izateko, gatazkak prebenitzeko eredu dialogikoa tresna ezin hobea izan daiteke. Horrek komunitate osoarekin elkarrizketa bultzatzen du, eta, ondorioz, hausnarketa errazteaz gain, elkarbizitza hobetzen da.

Beraz, indarkeriari eta ziberjazarpenari aurre egiteko, komunitate osoaren prestakuntza eta partaidetza beharrezkoak dira, eta maskulinitate berrien sustapena eta ikasleen laguntza-sareak ere aurrera eraman behar dira.

Komunitatearen arloarekin lotuta, emakumeok ekintza horietan parte hartu behar dugu, are gehiago erasoek generoarekin zerikusia badaukate. Emakumeen partaidetzak familiaren eta irakasleen arteko elkarrizketa ahalbidetzen du, solidaritatea bultzatzearekin batera.

Maskulinitate berrien sustapenari dagokionez, urte askoan pentsatu da agresibitatea eta dominazioa normalak zirela mutikoen artean, baina hori ez da mutila izatearen ezaugarri bat, sozializazioaren ondorio bat baizik. Eredu horrez gain, beste eredu batzuk daude; alde batetik, “tradizionalki zapalduak” izan diren horiek ez dute biolentzia eragiten emakumeengan, baina ez dira erakargarriak. Azkenik, hautazko eredu berria dago; horrek ez du biolentzia eragiten, berdintasunean oinarritzen diren balioak ditu eta emakumeentzat erakargarria da. Azken hori da eskoletan sustatu behar dena.

Ikasleei dagokienez, eskoletan elkarrizketa sortzen deneko lekuak eta mementoak beharrezkoak izango dira. Memento horietan, ikasleok, cyberbullyingari buruzko informazioa, hala nola bullying egoera baten aurrean zer egin behar den, eta solidaritate-sareak nola sustatu lantzea guztiz beharrezkoak dira. Azken finean, helburua ikasleei laguntzea da, indarkerian oinarrituta ez dauden erlazio positiboak izateko.

Horretaz guztiaz gain, ikasleekin erabiltzen dugun hizkuntza ere kontuan izan behar dugu. Etikaren hizkuntza eta “desioaren” hizkuntza batera joan behar dira. Komunikabideek, bizitzan zehar, gure jendartean, pelikuletan, bideoklipetan eta telebista-saioetan, gehienetan, erakarpena edo “desioaren” hizkuntza indarkeriarekin lotzen dute, eta ez balio positiboekin. Batzuetan, eskolak antolatzen dituen jaietan ere, emakumeekiko biolentzia sustatzen duten abestiak jartzen dira… Indarkeriak erakarpenarekin duen lotura apurtzeko, irakasleok “desioaren” hizkuntza bultzatu behar dugu indarkeriaren kontrako jarrerekin lotuta, eta gure ikasleekin indarkeriarik gabeko guneak sortu behar ditugu, non pertsona erakargarrienak indarkeriaren kontra daudenak izango diren.

Egilea: Carlota Oteo

WhatsApp Image 2019-06-24 at 22.37.02