ELIKA erabiltzaileari bere elikagai-kontsumoaren segimendua egiteko eta kontsumo hori dieta osasungarri eta orekatu batekin parekatzeko bide ematen dion laguntza-tresna da. Android nahiz Iphone smartphoneetan erabil eta erabat doan deskargatu daiteke.
Elikako lantaldea, gaur egun, diziplina anitzeko taldea da. Prestakuntza desberdina duten bederatzi pertsonak osatzen dute (elikagai-teknologoak, botikariak, biologoak, albaitariak, juristak, nekazaritza-arloko injineru teknikoak), eta esperientzia handikoak dira nekazaritzako elikakatearen maila askotan.
ELIKA-app-, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak eta UPV/EHUko Nutrizio eta Bromatologia Sailak sortu dute elkarlanean, SEDYN Espainiako Dietetika eta Nutrizio Elkarte Zientifikoaren laguntzarekin.
Aplikazioaren erabilera erraza eta intuitiboa da. Hautaketa-pantaila errazaren bitartez, egunero kontsumitzen diren jakien erregistroa egin daiteke; hain zuzen ere, egunero txosten bat sortuko da, dieta osasungarri eta orekatua egiteko gomendioekin, eta asteko txosten bat sortuko da 7 egun bete ondoren.
Jakiak 13 ataletan banatuta daude: zerealak, patatak eta eratorriak; frutak eta barazkiak; esnekiak, arrainak, haragiak, lekaleak eta fruitu lehorrak; ura eta edariak, edari alkoholikoak; olioak eta koipeak; gozokiak eta opilak; azukreak eta azukredun edariak; arrautzak; hestebeteak. Hamahiru atal horiek azpiatalak dituzte aukeraketa zehatza egin ahal izateko, eta jaten dugunaren errazioa ere aukeratu daiteke.
Hiru motatako txostenak ikusteko aukera ematen du. Lehenengoak egunean zehar zer jan dugun eta dieta orekatua izateko zer falta zaigun adierazten digu; bigarrena egunaren bukaerako txostena da; hirugarrena eta azkena aste osoko txostena. Hirugarren hori oso interesgarria da egunero jaten ez diren produktuen analisia izango dugulako (haragia, arraina…). Semaforo baten bitartez egingo digute ebaluazioa, eta berdea izango da ondo dagoenean, horia gure dietan zeozer falta denean edo pixka bat pasatu garenean, eta azkena, gorria, zerbait ondo egiten ari ez garenean agertuko da.
Aipatutakoaz gain, aplikazioak sasoiko elikagaiei buruzko jakinarazpenak bidaliko dizkigu; halatan, erosketa osasungarriagoak eta jasangarriagoak egiteko aukera ere ematen digu.
Zenbait institututan aplikazioa erabiltzen hasi dira, nutrizioa era praktikoan lantzeko. Izena ematea oso erraza da, eta ez du datu pertsonalik eskatzen ez e-maila, pisua edo altuera ondorengo ebaluazio pertsonalizatuak egin ahal izateko. Gainera, aplikazioan pertsona batek baino gehiagok eman dezake izena.
Finean, modu osasungarriagoan jan nahi duten guztientzako tresna da.
Egilea: Karmele Urrutia