Menekostea duela gutxi sortu den mugimendu erlijiosoa denez, ez dago horri buruzko ikerketa ugari eta, emakume ijitoei buruz daudenetan, aurreiritzi asko egoten dira. Hala azaltzen digu Jerusalén Amador Lópezek bere ikerketan. Bertan, emakume ijitoek mugimenduaren barnean duten paperari eta genero-indarkeriari buruzko ebidentziak azaltzen dizkigu.

Espainian, Filadelfiako Menekoste Eliza Ebanjelikoari (FME) esker indartu da Menekostearen mugimendua. Haren arrakasta, batez ere, partaideen esku-hartze aktiboan dago. Horri esker, Jainkoaren aldean egoteko arauen barneratze-prozesuan gizabanakoen transformazioa gertatzen da. Beraz, norberaren aldaketak beren testuinguruan proiektatzen dira, eta bikotekide edo familiaren onera egiteko prozesua gauzatzen dute.

Ikerketa horren arabera, Menekosteak emakume ijitoen askatasuna eta berdintasuna bilatzen du. Era berean, genero-indarkeria, biolentzia saihesteko prebentzio-neurriak proposatzen ditu FMEk. Alde batetik, Menekoste Elizak indarkeria erabat zigortzen du, Biblian agertzen den aginduekin bat ez datorrelako. Elizaren pastoraltzaren parte izan nahi duenak biolentzia ukatu behar du, eta maitasuna eta errespetua bezalako balioei garrantzia eman behar die. Balio horiek komunitatea osatzen duten kideei transmititzen zaizkie. Horren haritik, Currok, pastoralgintzan aritzen den ijitoak, honako hau dio: “gu errespetuaren eta maitasunaren alde gaude, edonolako indarkeriaren aurka, eta beti ahulen alde aritzen gara”.

Biolentzia-egoera antzematen denean, FMEk zenbait baliabide ditu horri erantzuna emateko eta kondenatzeko. Diziplina da horren aurreko erantzun nagusia, Elizaren kide batek indarkeria erabiltzen badu, komunitatearen hainbat ekintzatan ezin duelako parte hartu. Egoera larria denean edo errepikatzen denean, garatu ohi den beste estrategia bat da, biktimari laguntzeko, haren eta erasotzailearen artean distantzia mantentzea. Hori dela eta, askotan, erasotzaileak ezin du biktimarekin harremanik izan, ezta komunitatean egon ere, eta alde egitera behartzen dute, indarkeria guztiz ekiditeko. Beraz, senidetasunaren eta solidaritatearen bidez, emakume ijitoek biolentzia salatzeko eta elkarri laguntzeko estrategiak garatu dituzte.

Bestalde, FMEk bultzatzen du emakume ijitoak bikotekidea bilatzeko orduan zenbait gauza kontuan izatea. Ezaugarri horien artean, biolentoa ez izatea dago, eredu hegemonikoak alde batera uzteko.

Emakumeen egoerak kudeatzen dituena emakume bat izaten da, haientzat erreferentea dena, eta, hala, konfiantza handiagoa izaten dute harengan. Emakumeen arteko laguntza sustatuz, haien esperientziak partekatuz eta biktimak babestuz, gune seguru bihurtzen da mugimendua.

Azken finean, FMEk genero-indarkeriaren aurka egiten duen ekarpena oso positiboa da. Oraindik ikerketa gehiago behar dira, baina Amador Lópezen artikuluaren xedea zera da: ikerkuntzaren munduan, emakume ijitoei eta Menekosteari buruzko ikerketen dinamikak eta aurreiritziak aldatzea, haien papera balioesteko.

Egilea: Garazi Alvarez

garazi alvarez