Pamela Luftenek (2017) artikulu honen bitartez adierazten du zeintzuk diren pertsona gorrek bizi dituzten egoerak. Gaiari buruz pixka bat gehiago jakiteko, idazleak azaltzen digu hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonen artean % 1,2 gorrak direla. Haien egoera hobeto ezagutzeko, hainbat alderdi aztertu ditu.

Lehendabizi, pertsona gorrek besteenganako zer nolako desberdintasunak dituzten azaltzen digu. Desberdintasunik edo ondoriorik nabarmenena aldibereko estimulu desberdinak jasotzeko momentuan dute. Hori dela eta, hizkuntzaren eskuratze-prozesuan trabak dituzte; izan ere, prozesu hori desberdina da. Era berean, giza harremanetan eta hezkuntza-prozesuan oztopoak izaten dituzte. Zailtasun horiek gutxitzeko edo irtenbideak aurkitzeko, estimulatzea oso garrantzitsua da. Izan ere, hori horrela izan ezean, epe luzera zailtasunak ager daitezke. Horregatik, ziurtatu egin behar dugu hizkuntzara modu osoan heltzea, bai ahoz, bai zeinu-hizkuntzan. Hizkuntza sustatzeko modu bat ingurunea da, helduen zein umeen inguruneko lagunen bitartez.

Ume gorra izanez gero, familietan ere aldaketak gertatzen dira. Are gehiago kontuan hartzen baldin badugu ume gorren guraso gehienak (% 85-95) ez direla gorrak. Beraz, euren komunikatzeko modua aldatu behar dute umeekin komunikatzeko eta elkarri eragiteko. Beraz, gurasoen parte-hartzea oso garrantzitsua da, zeren gurasoek aukera baitute umeen entzumen-zailtasunak aurreikusteko eta, horrela, erantzun egokia guztien artean eman ahal izateko.

Familietan aldaketak gertatzeaz gain, gizarteak ematen dituen zerbitzuak ere bereziak dira. Esate baterako, The Universal Newborn Hearing Screening legeak familiei laguntzak eta orientabideak ematen dizkie. Horrela, familiek erraztasunak izango dituzte umeen komunikatzeko bideak aukeratzeko eta etxeetan modu eraginkorrean lan egiteko. Lege horrek, gainera, ziurtatu egiten du, ume baten gortasuna 6 hilabete izan baino lehen aurkitzen denean, hizkuntzaren garapena, ahoz nahiz zeinu-hizkuntzaz, askoz hobea izaten dela.

Bestetik, gizartean guztiok nabaritu dugunez, azken urteetan teknologia berriak asko aurreratu dira, eta pertsona gorren egoeran gauza bera gertatu da. Aurrerapen asko izan dituzte, baina batez ere inplante koklearra azpimarratu dezakegu. Inplante koklearraren onurak anitzak dira, besteak beste, entzumenean, norberaren garapenean edo talde-harremanetan. Horrek ahalbidetzen du, haien ikastaldeko kideen moduan, batzuetan, emaitza berberak lortzea. Batzuetan, zeren, ikerketek adierazi duten moduan, zenbait arlotan zailtasun nabariak baitituzte, esate baterako, irakurketan. Nahiz eta laguntzak edo euskarriak jaso, haiek lortzen dituzten emaitzak ez dira beren ikaskideen maila berekoak, beraiek izaten dituzte oztopoak ez direlako gainditzen. Hobekuntza teknologikoak izan arren, adituek aipatzen dute pertsona gorrek zerbitzu finkoak edo zehatzak behar dituztela hezkuntzaren helburuak bete ahal izateko.

Lehen aipatu dudan moduan, hizkuntzaren lorpen aproposa bermatzeko zailtasunak dituzte batzuetan. Horregatik, IDEA zerbitzua dago, non zailtasunak, nahiz eta beranduago aurkitu, konpontzeko bideak ematen dituzten.

Amaitzeko, artikuluak adierazten duen moduan, esku-hartzeak indibidualak izan behar dira eta norberaren ezaugarriak kontuan hartu behar dira. Testuingurua ere aldatu behar da, interakzioak bideratu behar dira ikasle gorrek topatzen dituzte oztopoak gainditu ahal izateko.

Egilea: Patricia Peña Guinea

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59