Printzesa-jantzia oparitzea sexista da?

Gaurko  eztabaida  El  Diario  Feminista  egunkariko eztabaida  baten  itzulpena da. Ikasgeletan, klaustrokideen artean edo familiekin,  gaiari buruz hausnartzeko ekarpena egin nahi dugu.

Eztabaida honetan, Marta Puigen iritziz, printzipioz printzesa-jantzia arazoa izan beharko ez litzatekeen arren, bada, rol sexista jakin batzuekin lotuta dagoelako. Patricia Melgarren arabera, aldiz, printzesen ipuinek idatzi zireneko testuinguru historikoagatik rol tradizionalak izan ditzaketen arren, pasioz eta errespetuz betetako harremanekin lotuta egon ohi dira, ez dute zerikusirik egile garaikide batzuen kantekin, zeinen letretan emakumeak umiliatzen eta gutxiesten baitituzte.

Marta Puig. Genero-eraikuntza jolasaren bidez

Jostailuek, begi hutsez, kaltegabeak eman dezakete, baina garrantzi handia dute haurren bizitzan, izan ere, haiek jolasaren bidez interpretatzen dute mundua, eta horretan gizarte-eraikuntzak aplikatzen dituzte.

Haurrei, 4-5 urte dituzten arte, berdin zaie «nesken» ala «mutilen» jostailuekin jolasean aritzea, eta adin horretatik aurrera hasten dira jostailuak genero batekin lotzen. Horren ondorioz, balio bat edo bestea ematen diete (gizarteak erakusten dien bezala). Eta hauxe da arazoa. Haurrek «printze- edo printzesa-jantzia» nahi izatea, nola janzteko gogoa dutelako hala kolorea, purpurina edo kaletik dandarra herrestan eramatea atsegin dutelako, ez da arazoa, berdinen arteko (haurrak) gustuak eta desberdintasunak dira. Zein da arazoa, orduan? Jantziari edo ipuin-printzesa baten panpinari gizarteak desparekotasun-rol bat esleitzea, printze-panpinarekin edo -jantziarekin alderatuta. Izan ere, hori ez da gustuak errespetatzea eta neska-mutilei askatasuna ematea panpinekin eta printzesekin edo autoekin eta printzeekin jolasean aritzeko. Hori haien arteko desparekotasuna bultzatzea da. Printzesen eta panpinen munduari jostailuen rol inplizitu hauek esleitzen zaizkio: pasibotasuna, zain egotea eta edertasuna. Autoen eta printzeen munduaren rolak, aldiz, honako hauek dira: proaktibotasuna, ausardia, adimena edo zuhurtasuna, besteak beste. Horrez gain, mutiko batek josteko makina bat nahi badu, gerta daiteke aurkituko dituen guztiak arrosak izatea (sozialki emakumezkoena den kolorea); hala, mutila deseroso sentituko da, eta batzuetan lotsatuta ere bai. Hori eztabaidan kontuan hartzeko kontua da; izan ere, modu horretan irakasten diegu etorkizuneko belaunaldiei sozialki beste sexuak berezko dituen elementuak gutxiesten, eta «norbaitek egoera sozialaren arabera dagokion horretan jolasean aritu nahi ez izatea» iseka egiteko arrazoia izan daiteke.

Horregatik, haurrei opari sexistak egitea ekidin behar da, horiek genero-desparekotasunaren eragileak izango baitira gizarte-mailan aldaketa kolektiboa lortzen den arte.

 

Patricia Melgar.  Printzesa librea

Nire bi urteko alabak printzesa-jantzia eskatu nahi die Errege Magoei. Egoera hori 20 urterekin planteatu izan balidate, gustu horiek epe laburrera haurrei eragin diezazkieten arriskuei buruzko alarmak piztuko zitzaizkidakeen.

Garai horretan, feminismoa oso modu desberdinean ulertzen nuen, eta militatzen nueneko mugimendu batzuetan zapalkuntzaren deabru handien kontra borrokatzen ginen. Pena –nire oraingo ikuspuntutik- arerioa nahastu izana!

Orain ez nau kezkatzen alabak printzesa-jantzia nahi izateak, ez dagoelako printze eta printzesen ipuinak gustuko izatea eta etorkizunean genero-indarkeria jasateko aukerak lotzen dituen adierazlerik. Hain zuzen, nire alabak erreferentziatzat hartzen baditu, errespetuan eta pasioan oinarritutako harremanak bilatuko ditu, non pertsonaia «onak» maltzurren aurka borrokatzeko elkartuko diren, non inbidia, zekenkeria eta antzekoak txarto ikusita egongo diren.

Bai, badakit nire lagunen batek hau irakurtzen duenean segituan deituko didala hauxe esateko: «Patricia, zure alabak gizartean bigarren mailako papera izatea nahi al duzu?, nahi al duzu haren jomuga nagusia izatea zazpi gizonen zain egotea meatzetik heldu arte, haiei jaten emateko?», eta abar. Ez horixe! Etorkizuna askatasunez eraikitzea nahi dut, jantziak jartzera edo heterosexuala izatera bultzatzen duen gizartean mugatuta sentitu gabe, baina, era berean, ez dut nahi gizarte horrek alabari etiketarik jartzea panpinekin jolasteagatik edo takoiak jartzeagatik. Nire alaba librea izatea nahi dut.

Perraulten eta Grimm anaien ipuinetan pentsatzen dudanean, ulertzen dut XVII., XVIII. edo XIX. mendeetako gizartea irudikatzen dutela –eta ez dut horiekiko nostalgiarik-. Aitzitik, kezkatu egiten naute egungo telebista-programa batzuetako gai nagusiek –Hombres, mujeres y viceversa-, filmen argumentuek edo zenbait kantaren letrek –Malumarenak kasu-. Horiek bai, gure garaikideak diren pertsonek idatzi dituzte, umiliazio-eszenak erakusten dituzte, baita emakumeei egindako eraso fisikoak ere, eta are kaltegarriagoa dena: erasotzaile horiek idolo gisa aurkezten dituzte, pertsonaia desiratu gisa, eta ez baztertu beharreko bilau gisa.

Nire alabak ez du pentsatzen azken pertsonaia horiek printzeak edo printzesak direnik. 9 eta 12 urteko neska-mutilei, 15 urteko nerabeei eta helduei galdetu diet, eta haiek ere ez dute hori pentsatzen. Aurreko mendeetako pertsonaia horiek suntsitzen jarrai dezakegu –jendearen imajinarioak indarkeriarekin lotzen ez dituenak-, baina, bitartean, haur eta neska-mutil askoren erreferentzia bilakatzen ari dira emakumeak umiliatzen, erabiltzen eta fisikoki edo sexualki erasotzen dituzten pertsonaiak.

Hortaz, Errege Magook, artikulua irakurtzen baduzue, ekar iezaiozue Nahiari printzesa-jantzia, mesedez. Bestalde, arren eskatzen dizuet, Maluma edo antzekoren baten posterra eskatzen duenean, aldez aurretik nirekin harremanetan jartzeko. Egun horretan benetan kezkatuta egongo naiz!

Be the first to comment on "Printzesa-jantzia oparitzea sexista da?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*