Baziren behin…Tertuliak. Nire esperientzia tertulietan

Lehen Hezkuntzako gradua hasi nuenean, gogoratzen naiz lehenengo mailan Tertulia Dialogikoei buruzko teoria landu genuela, baina denbora ezagatik ez genituela praktikara eraman. Graduko zenbait ikasgaitan, tertuliak landu izan ditugu, baina ikasgelan landutako testuekin edota testu biblikoekin.

Duela urtebete inguru, Tertulia Pedagogikoetan parte hartzera animatu ninduten, Deustuko Unibertsitatean ia hilean egiten zelako. Bertan irakurri genuen liburua Paulo Freireren Zapalduen Pedagogia izan zen. Tertulietan, jende berria ezagutzeaz gain, gainerako partaideen iritziak eta esperientziak entzuteko eta nireak partekatzeko aukera izan nuen. Hasiera-hasieratik nire ideiak azaltzeko segurtasuna izan nuen konfiantza-giroa zegoelako eta partaide guztiek arauak betetzen zituztelako.

Tertulietan parte hartzen hasi baino lehen, liburu zientifikoak irakurtzeko zailtasunak nituen, ulermenaren aldetik zenbait gauza aditzen ez nituelako. Tertuliei esker, hori erabat aldatu da, eta zerbait ulertzen ez badut, tertulietako eztabaiden bidez argitu dezakegu denon artean. Gainera, tertuliaren ostean liburua berriro irakurtzen dudanean, beste ikuspuntu batetik aztertzen dut, gainerakoen ideiak eta argibideak kontuan hartuz. Bestalde, ikuspuntu kritikoa ere landu egiten dela uste dut, besteen iritziak entzun eta aztertzen direlako, betiere, zerbaiten kontra eginez gero, errespetuz arituz.

Egun, zenbait tertulia dialogikotan parte hartzen dut eta gero eta liburu gehiago irakurtzen ditut, tertuliek irakurtzea dibertigarria dela irakatsi didatelako. Duela gutxi, CONFAPEAk, ADARRArekin batera, antolatutako tertulien batzarrean parte hartu nuen moderatzaile eta esan dezaket niretzat oso esperientzia positiboa eta aberasgarria izan zela, tertulien beste rol bat esperimentatu nuelako. Beraz, edozein motatako tertulietan (musikalak, literarioak, artistikoak, matematikoak…) parte hartzera animatzen zaituztet, zuen ikuspuntua guztiz alda daitekeelako. Zuen ikasleekin egin nahi baduzue, gomendatzen dizuet Rocio Garcia Carrionek Agora de Profesores aldizkarian idatzitako artikulua aldez aurretik irakurtzeko eta bertan azaltzen diren jarraibideak kontuan hartzeko.

Egilea: Garazi Álvarez

garazi alvarez

Be the first to comment on "Baziren behin…Tertuliak. Nire esperientzia tertulietan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*