Haur Hezkuntzak ondo funtzionatzen duenean

Jende askok espektatiba nahiko txikiak dauzka Haur Hezkuntzan egiten den lanarekiko. Batzuek uste dute 6 urte arteko denbora hori guztia betelana besterik ez dela. Baina justu kontrakoa da. Potentzialki, behintzat. Adin horretan umeak inoiz baino malguagoak dira. Beste adin batzuetan baino errazago has daitezke hainbat trebezia ikasten, eta, gainera, garai horretan egiten dutenak oinarri sendoak utz ditzake gerora izango dituzten erronkei aurre egiteko. Hain zuzen, Haur Hezkuntzako egitasmo baten eragina aztertu zuten Harvard-eko Unibertsitateko Christina Weiland-ek eta Hirokazu Yoshikawa-k: egitasmo horretan parte hartu zuten umeak eta parte hartu ez zutenak alderatu zituzten, eta emaitzak oso deigarriak izan ziren.

Bi osagai uztartu zituen aztertutako egitasmoak: batetik, irakasleek ebidentzia zientifikoetan oinarritutako trebakuntza jaso zuten, eta, bestetik, irakurketa, idazketa, hizkuntza eta matematika berariaz landu zituzten irakasleek ikasleekin.

Emaitza oso onak lortu zituzten bi osagai horiek konbinatuz (irakasleen trebakuntza eta arloen berariazko lanketa), baina emaitza positiboak ez ziren landu zituzten arloetan etorri soilik. Irakurketan, idazketan, hizkuntzan eta matematikan emaitza askoz hobeak lortu zituzten, egitasmotik kanpo zeuden ikasleekin alderatuta. Baina, horrez gain, egitasmo horrek bestelako onura batzuk ere ekarri zituen. Batetik, ikasleen emozioak igartzeko trebezia handitu zuen. Bestetik, ikasleen funtzio exekutiboan ere eragin positiboa izan zuen. Funtzio exekutiboak ahalbidetzen du arreta jartzea, emozioak erregulatzea, gure gauzak antolatzea eta planak egitea, gauzei buruz pentsatzeko malgutasuna eta ikuspegi aniztasuna zabaltzea, informazioa biltzea gero zeregin baterako erabili ahal izateko… Arlo kognitiboak fundamentuz lantzen direnean, emaitza onen eragina nabarmen heda daitekeela iradokitzen du horrek. Gainera, aztertutako egitasmoak ikasle mota guztiei egin zien mesede, ez soilik batzuei.

Kalitate handiko esku-hartzeak oso eraginkorrak dira Haur Hezkuntzan. Aukera onenak eskaintzen direnean, Haur Hezkuntzak ondo funtzionatzen duenean, alegia, irakasle bikainek ikasleen bizitzak onerako eralda ditzakete.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Be the first to comment on "Haur Hezkuntzak ondo funtzionatzen duenean"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*