Ikasle ijitoen ikasteko bideei buruzko ikerketa

Nazio Batuek hezkuntza inklusibo eta kalitatezko bihurtzea dute helburu 2030 Agenda for Sustainable Development programarekin. Izan ere, gaur egun, hori bermatzen ez den hainbat kasu daude, eta ikasle ijitoak horren adibide dira.

Ikerketa honetan, Diez Palomar, J., Flecha Fernández, A., García-Carrión, R. eta Molina-Roldán S. ikertzaileek, metodologia kualitatiboa erabilita, sei ijitoren bizipenak ikasketekin lotuta aztertu dituzte. Horrela, egoera arriskutsuetan dauden ikasleen arrakasta lortzeko moduak edo bideak aztertu dira, batez ere, matematika arloan. Seiek azpimarratzen dute ikastearen eta ahaleginaren beharra arrakasta lortzeko. Hala ere, argitzen dute bakoitzak ikasteko bere estrategiak bilatu behar izan zituela. Bakoitzak bere modua zuen, batzuk denbora-tarte handiarekin hasten ziren, beste batzuk denbora gutxiagorekin…

Bestetik, nabarmentzen dute gizartearen eraginak identitatea sortzeko indar handia duela. Adibidez, aurreiritziei dagokienez, askotan, Roma identitatearekin zeharka lotzen direla aipatzen da, eta horrek segregazio-taldeak edo irakasle batzuen pasibotasuna sortzen ditu.

Arrakastarako bidean, izaten dituzten interakzioak funtsezkoak dira, baina ez edozein motatakoak. Adibidez, Joaquimen lagun-taldeak hezkuntzatik urrundu zuen. Beste aldetik, Joanaren adibidea daukagu, zeinaren aita euskarririk garrantzitsuena izan zen ikasketekin aurrera jarraitzeko.  

Irakasleen rolaren garrantzia ere azpimarratzen du ikerketak. Irakasleen jarrera eta espektatibak eta ikasleen arrakasta hertsiki lotuta daudela adierazi zuten ikertzaileek.

Amaitzeko, ikasketa-prozesuan familiak zein komunitateak duen garrantzia aipatzen dute. Denek azpimarratzen dute familiaren rolak zerikusi handia izaten duela haien arrakastan, Joanaren adibidean ikus daitekeen bezala. Federicorentzat, nahiz eta haren familiak ezin izan zuen zuzenean haren ikasketa-prozesuan parte hartu (prestakuntza txikia izateagatik), oso baliagarria izan zen gurasoek igorritako hezkuntzaren balioa. Orobat, gogoratzen du amak zein aitak egiten zituztela ahaleginak erakusteko ikasteak eguneroko bizitzan nola laguntzen zuen (sukaldean, etxeko kontuetan etab.).

Ikerketan parte hartu zuten pertsonek hezkuntza oraindik hobetzeko prozesuan dagoela azpimarratzen dute. Beraz, Nazio Batuen 2030. urterako helburuak lortzeko, garrantzitsuak diren hainbat arlo jorratu behar dira, aurreiritziak albo batera utziz. Beraz, ez dezagun ahaztu Nelson Mandelak (2002) esan zuena: Hezkuntza mundua aldatzeko armarik indartsuena da. Izan ere, guztiontzako kalitatezko hezkuntza eskainiz gero, lortuko diren emaitzak eta bizipenak askoz aberasgarriagoak izango dira.

Egilea: Patricia Peña Guinea

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59

Be the first to comment on "Ikasle ijitoen ikasteko bideei buruzko ikerketa"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*