Zer da ekintzan oinarritutako hizkuntzen irakaskuntza?

Torontoko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea den Enrica Piccardok idatzitako txosten honek  Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuaren (EHEMB) oinarrizko printzipioak biltzen ditu. Hasiera batean, komunikazio-gaitasuna izan zen EHEMBren oinarri nagusia, baina gaur egun, komunikatzeko gaitasunaz gain, autonomiaz hizkuntza erabiltzeko gaitasuna azpimarratzen du batik bat, hots, hizkuntzaren bidez egiteko edo ekiteko gaitasuna. Aldaketa horren atzean EHEMBk komunikazioan oinarritutako irakaskuntzatik ekintzan oinarritutako irakaskuntzara egindako jauzia dago.

Komunikazio-gaitasunean oinarritutako irakaskuntzaren ikuspegia 70eko hamarkadan hasi zen garatzen. Ikuspegi horrek ordura arte gailentzen zen konpetentzia lexiko-gramatikala gainditu zuen, eta hizkuntzen irakaskuntzaren helburu nagusia ahozko eta idatzizko komunikazioan era eraginkorrean jardutea dela azpimarratzen du.

Ekintzan oinarritutako ikuspegiak agente sozialtzat hartzen ditu hizkuntza erabili eta ikasten dutenak. Hizketa-ekintzak hizkuntzari lotutako jardueretan gauzatzen badira ere, jarduera horiek testuinguru sozial zabalago baten barruan daude, testuinguru horrek ematen baitio, azken batean, jarduerari zentzua.

Ikuspegi honetan, hizkuntzen irakaskuntza hainbat hizkuntza-funtzio eta hizketa-ekintzaren inguruan diseinatzen da, beheko mailetatik hasita goikoetaraino, maila guztietako ikasleek jakin behar baitute egokitutako egoeren aurrean hizkuntza nola erabili: norbere burua aurkezteko, informazioa eskatzeko, erosketa egiteko… Egoera horietan oinarrituta ikaste-egoerak sortzen dira, zeregin edo ataza komunikatibo errealak direnak. Egoera horrek hizketa-ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren hizkuntza-beharretatik abiatuta sortzen dira eta behar horiei erantzuteko hizkuntza-baliabideak zein bestelako konpetentziak erabiliz gauzatzen dira.

Hizketa-ekintzek zentzua izateko, testuinguru sozial orokor batean gauzatu behar dira. Eguneroko bizimoduan, hizkuntzaz harago doazen helburuak lortzeko, irakurri, idatzi edo hitz egiten dugu. Helburua ez da sekula hizkuntzari lotuta bakarrik egoten, eta beraz, hizkuntzen irakaskuntzan gauzatu beharreko zeregin edo atazen helburuak ere ez lirateke hizkuntzara soilik mugatu beharko. Zentzu horretan hartzen du EHEMBk ikaslea agente sozialtzat, eta ekintzen izaera soziala eta hizkuntza erabiltzean kolaborazioak duen garrantzia azpimarratzen du.

Egilea:  Ane Odria

Ane Odria

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Barritu | Garaigoikoa

Leave a comment

Your email address will not be published.


*