Jakin badakigu elkarrekintza garapenaren oinarrian dagoela. Haur Hezkuntzako etapan horrekin lotutako ebidentzia pilo bat topatu dezakegu. Adibidez, aurretiazko ikerketek diotenez, irakasleen eta ikasleen arteko hurbileko elkarrekintzak umeen hizkuntzaren garapenarekin daude lotuta. Baina ikerketa ildo horretan arreta jarri duten ikerlan gehienak behatzaileen edota irakasleen ikuspegian oinarritu ohi dira. Hori horrela izanik, umeen ahotsak ez dira kontuan hartu, eta horrek ikasleen eta irakasleen arteko erlazioei buruzko jakintzaren parte baten galera dakar.

Tesalonikako unibertsitateko Elena Papadopoulou eta Athanasios Gregoriadis ikertzaileek ikusi zutenaren arabera, umeak haien egunerokotasunarekin lotutako informazio garrantzitsua partekatzeko gai dira. Umeen pertzepzioak eta ideiak argazkien edota marrazkien bidez adieraz ditzakete.

Aurretiazko ikerlanek erakutsi zuten eskolan inplikatuta egoteak edo parte-hartzeak eskola-porrota gutxitzen zuela, bereziki Haur Hezkuntzan, non irakaslearen eta umearen arteko harremanak gelako ekintzetan parte hartzearekin zuen lotura. Papadopoulouk eta Gregoriadisek irakaslearen eta umearen arteko harremanen hurbiltasuna edo goxotasuna, gatazka-maila eta autonomia-mailak neurtu zituzten Greziako haur hezkuntzako 39 irakasle eta 232 ikaslerekin.

Emaitzek diotenez, goxotasun- eta autonomia-maila altuek irakasleen eta ikasleen arteko harremana kalitatezkoa zela islatzen zuten. Harreman mota horietan, gatazkei dagokienez, ikasle gehienek ez zuten sentitzen haien irakasleek epaitzen zituztela, etsigarri aurkezten zirela edota edozer gauzaren aurrean desadostasuna erakusten zutela. Gauzak horrela, ikasleek irakasleekiko jarrera positiboa agertzea ohikoa zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Bestalde, ez zen genero-desberdintasunik topatu emaitza horietan. Beste era batera esanda, mutilek eta neskatilek irizpide berdinekin ebaluatzen dituzte haien irakasleekiko harremanak.  

Ikerketaren arabera, irakasleekin gertuko harremana duten ikasleak autonomoago sentitzen dira, eta aukeratzeko gaitasunean aurrera egiten dute. Amaitzeko, ikertzaileek azpimarratzen dute Haur Hezkuntzako ikasleen eta irakasleen arteko gertuko harremanak zerikusia duela gelako ekintzetan parte hartzearekin. Eta, dakigunez, parte-hartzeak lotura du garapen kognitibo eta sozialarekin, are gehiago hezkuntzaren eta bizitzaren lehenengo etapetan.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017