Hezkuntza, eraldaketarako tresna eta bidea

Ozo Ibeziako doktoreak Emakume Afrikarren Sustapenerako eta Berdintasunerako 2019ko Harambee Saria jaso du ‘Art of Living’ proiektuagatik. Proiektuak Johannesburgoko auzo marjinala den Alexandrako neskei laguntzen die, eta, heziketaren bidez, emakumeei duintasunez hazteko abagunea ematen die.

Apartheid-aren jaraunspen gisa, Alexandran, Hegoafrikako beste leku askotan bezala, badaude auzoak non jendearen gehiengoa miseriazko baldintzetan bizi den eta gurasoak, seme-alabak nahiz aitona-amonak txaboletan pilatzen diren. Gazteen gehiengoak ez du heziketarako aukerarik, eta, horren ondorioz, langabeziara, etorkizunik ez izatera eta bidegabekeriara, drogara edo prostituziora jotzera bultzatzen dituen sorgin-gurpila sortzen da.

Gurpil hori eteteko, doktoreak erabakigarritzat jotzen du gazteei laguntzea euren balioa aurkitzen, eta, batez ere, neskei, hark esaten duen bezala, emakume baten atzean seme-alabak, gizartea eta herri osoa daudenez, emakumeak heztea nazioa heztea delako. Emakumeek Hegoafrika alda dezakete, mundua alda dezakete, baina hori ezinezkoa da pobreziatik heziketaren laguntzaz irteten laguntzen ez badiete.

Art of Living proiektuaren barruan 2012an abiarazi zen hezkuntza-programan, gazteei unibertsitatean sartzen laguntzeaz gain, lortzen ari dira haiek beren komunitateetan lantzea eta garapen- eta hobetze-mugimenduen buru izatea. Ozo Ibeziakoren ustez, urtero programari batzen ari zaizkion gazteen kopurua eta hobekuntza sozialak ikusita, 20 urtean Alexandra guztiz eraldatu ahalko dute, eta auzo arrakastatsu bihurtu.

Heziketa edozein hobekuntza lortzeko gakoa dela argi izanda, Ibeziakok baliabide gehiago lortu nahi du, baita programa Johannesburgoko beste township batzuetara hedatu ere. Haren iritziz, nahiz eta momentu honetan Hegoafrikan Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza doakoak izan, neskek laguntza handia behar dute euren ikasketekin jarraitzeko beharrezkoak diren emaitzak lortzeko eta, hala, ikasketak ez uzteko eta delinkuentzian ez sartzeko. Hau da, baliabideak behar-beharrezkoak dira benetako parekotasunean inbertitzeko.

Nigerian jaiotako emakume horrek, eta hegoafrikar ere sentitzen denak, 500 langile inguruko 15 klinika publiko ikuskatzen ditu, pazienteak artatzen ditu eta Pretoriako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean eskolak ematen ditu. Baina horrek guztiak ez dizkio denbora eta ilusioa kentzen, hezkuntza-armaren laguntzaz, gizarte berdintsuagoa eta libreagoa izateko ametsaren alde borrokatzeko.

 

Egilea: Luisa Mari Puertas

Luisa Mari

Be the first to comment on "Hezkuntza, eraldaketarako tresna eta bidea"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*