Gero eta emakume gehiago egon arren teknologien arloan, gizartean gizonezkoen diziplina dela ikusten da oraindik ere. Egoera aldatzeko, ingeniaritza informatikoa ikasi duten emakumeak komunitate teknologikoetan antolatzen hasi dira, itzalpetik irteteko asmoz, eta horrek emaitzak izan ditu: Women Techmakers, Mujeres Tech eta PyLadies, besteak beste.

Mugimendu horren barruan bete-betean dagoen emakumeetako bat Nerea Luis da, T3chFest ekitaldiaren fundatzailea. Alejandro Baldominosekin batera,  ingeniaritzako gradua amaitu eta gero izan zuten ideia bati forma ematearen ondorioz, T3chFest sortu zuen 2013. urtean.

T3chFest ikasle, ikertzaile eta teknologia berrietan adituak diren profesionalak eta enpresak elkartzen dituen doako ekitaldia da. Horren helburua teknologiaren inguruko jakintza zabaltzea da.

Aurten, Carlos III.a Unibertsitatean egin da, Madrilen. Ekitaldian 1600 lagun baino gehiagok hartu zuten parte. Antolatu ziren 80 hitzaldiek arrakasta handia izan zuten. Teknologiaren gaineko gai anitzen inguruan aritu ziren edizio honetan. Hitzaldi batzuk oso espezifikoak baziren ere, beste batzuk edonork identifika ditzakeen gaiei buruzkoak izan ziren. Horien artean daude, adibidez, honako hauek: “Twit batek demokrazia aldatu dezake: Ciencia en el Parlamento”, “Zergatik daki nire amonak WhatsApp erabiltzen eta ez bankuko aplikazioa?”,  “Zer egin dezakezu teknologia-sektorean aniztasuna sustatzeko?” edo “Bindi, emakumeen aurkako indarkeria detektatzeko eta prebenitzeko teknologia”.

Ekitaldiaren oinarria teknologia-zientzia edonori helaraztea da, bai eta mundu teknologikoan dabiltzanen arteko elkartrukeak sustatzea ere. Egun, T3chFest  teknologien inguruko ekitaldi garrantzitsuena da estatu mailan. Gainera, aipatzekoa da Nerea Luis ikertzaile gazteari Google-k “Women Techmaker” saria eman ziola 2016an.

Nerea Luisen ustez, nahiz eta teknologiaren arloan emakumeek egoera zailagoa bizi ohi duten, zerbait aldatzen ari dela ikus daiteke, emakumeentzat gero eta aukera gehiago daudelako enpresen eta proiektu garrantzitsuen buru izateko.