e-Bug ekimena Europako Batzordeak babesten du. Haren xede nagusia da haurrak eta gazteak prestatzea higiene-ohitura egokiei eta antibiotikoen erabilera egokiari dagokionez, baita txertoen erabileraren garrantziaz ohartaraztea eta mikrobio bidezko infekzioen hedapenari aurrea hartzea ere.
Gazteen osasunerako ekimen horrek eskaintzen dituen baliabideen hain interesgarriak direla ikusita, Hezkuntza Sailak, Osasun Sailaren eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen (Gasteiz) laguntzarekin, Lehen Hezkuntzan lantzekoak euskaratu ditu. Helburu nagusia da baliabide interesgarriak irakasleen esku jartzea, ikasleak osasun-arloan hobeto prestatzeko eta haien zientziarekiko interesa areagotzeko. Era berean, ikaslearen konpetentziak garatzen eta osasun-hezkuntza bultzatzen lagunduko dute.
Europako herrialde askok e-Bug ekimenean parte hartzen dutenez, baliabideak hizkuntza askotan (gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana…) eskuratu daitezke, baita euskaraz ere, horretarako prestatu den webgunean: http://www.e-bug.eu. Beraz, atari horretan kontsultatu daitezke euskaratutako Lehen Hezkuntzarako materialak, hala nola irakaslearen gidoiak, ikaslearen gelako jarduerak eta ikasleentzako baliabide gehigarriak (jolas interaktiboak, bideoak, fitxa informatiboak, etab.).
Lantzen diren gaiak honako hauek dira: mikroorganismoak, mikrobio onuragarriak, mikrobio kaltegarriak, eskuetako higienea, arnasketako higienea, elikagaietako higienea, higienea baserrian, infekzioen prebentzioa, organismoaren defentsa naturalak, txertoak, antibiotikoak eta sendagaien erabilera.
Baliabideak modu sekuentzialean edo banakako jarduera gisa erabil daitezke, eta 40-50 minutuko eskoletan lantzeko diseinatuta daude. Atal horietako bakoitzak aurretiazko informazioa du irakasleentzat, baita programazio xehatuak eta ikasleentzako informazio- eta lan-fitxa aldagarriak ere.
Egilea: Carlos Garcia Llorente