“Ikastea ijitoen kontua da bete-betean”

Pertsona askok, ijitoek barne, pentsatzen dute ikastea, Unibertsitatea, payoen kontua dela. Horrek ez du esan nahi ijitoek ez dutela ikasteko interesik, baizik eta askotan ez dutela euren burua ikasteko gai ikusten, inguruan ez dutelako ikasten duen pertsonarik.

Muga horiek apurtzeko, duela 7 urte, 25 eta 45 urtetik gorako pertsonak unibertsitatean sartzeko probak prestatzeko ikastaroa antolatu zen.

Lehenengo urtean 7 ijitok bakarrik eman zuten izena, baina kopuru hori urtero handituz joan da, orain dagoen egoerara heldu arte. Aurten, Bartzelonako Unibertsitatean, Pompeu Fabra Unibertsitatean, Lleidako Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Zuzenbideko, Politika Zientziako eta Soziologiako, Lehen  Hezkuntzako, Gizarte Langintzako, Gizarte Hezkuntzako, Psikologiako, Pedagogiako, Matematikako eta Medikuntzako Graduetan, 37 ijito ikasten ari dira, eta sekulako notak ateratzen ari dira. Gainera, 40 ijito baino gehiago ari dira prestatzen unibertsitatean sartzeko probak. Beraz, esan dezakegu Kataluniako Unibertsitateak ijitoen kontua ere badirela.

Zein izan da arrakasta horren giltza? Hasteko, ikastaro horien irakasleetako batzuk ijitoak gara. Hori, Jorgeren hitzetan, guztiz beharrezkoa izan da: “Nik ez dut inoiz pentsatu Unibertsitatera joateko gai nintzela. Esan zidatenean guri zuzendutako ikastaro bat zegoela, izena eman nuen, baina momentu horretan ez nengoen oso ziur. Hala ere, han ezagutu nituen Fernando, Jelen, eta esan nuen, “haiek ni bezalakoak dira, nik haien senideak ezagutzen ditut…” Orduan hasi nintzen sinesten ikasteko gaitasuna neukala, eta -orain konturatzen naiz- ikusten hasi nintzen mugak apurtu zitzaketela, eta haiek lortu bazuten, nik zergatik ez. Noski, oso desberdina da zu bezalako pertsona batek, ijitoa denak, kultura joaten denak, esaten badizu gaitasuna duzula. Orduan bai, gai zarela sinesten hasten zara. Gauero metroan lan egiten nuen eta arratsaldero ikastarora joaten nintzen, sarbide-proba gainditu nuen arte. Orain Gizarte Langintzako Gradua ikasten ari naiz, CampusRom taldean lan egiten dudan bitartean. Eta, seguru aski, amaitzen dudanean Lehen  Hezkuntzako Graduan sartuko naiz”.

Bestalde, lehenengo ikastaroak ijitoen auzoetan antolatu genituen. Ikastaro horiek haiei bakarrik zuzenduta zeuden. Gero, denboraren poderioz, eta arrakastaren ondorioz, ahoz aho zabalduz joan denez, baldintza hori ez da hain garrantzitsua, baina hasieran bai, guztiz beharrezkoa zen. Orain itxaron zerrenda daukagu ikastaroetan sartzeko.

Eta amaitzeko, gure kulturaren ezaugarri bat izan da azken gakoa: solidaritatea. Zailtasunak ikustean, gazteak proposamenak egiten hasi ziren, eta duela hiru urte CampusRom sortu zen, Kataluniako Unibertsitateko Ijitoen lehenengo sarea (Primera Red Gitana Universitaria de Catalunya), hots, Goi Mailako ikasketak egiteko ametsa dugun ijitoen sarea. Guztion artean laguntza bultzatzeko ekimena da: zalantzak argitzeko, etxerako lanak egiteko eta bakarrik ez sentitzeko, solidaritatea oso presente egon da.

Egilea: Fernando Macias

unnamed

Be the first to comment on "“Ikastea ijitoen kontua da bete-betean”"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*