Autismoaren aldeko eguna ospatzeko, piztu urdina!

Apirilaren 2an, NBEren Batzar Orokorrak 2007an horrela onartu zuenetik, munduan Autismoaren Eguna ospatzen da helburu argi batekin: “sindrome” edo “nahasmendu” horren inguruan informazioa zabaltzea eta gizartea kontzientziatzea, eta, horretarako, munduan zehar dauden elkarteek hamaika ekimen proposatzen dituzte, betiere kolore urdina erabiliz.

Autismoa edo autismo espektro nahasmendua komunikazio- eta elkarrekintza-zailtasunak eta pentsamendu- eta jokabide-malgutasunik eza eragiten dituen neurogarapen eta garunaren funtzioak eragiten dituen baldintza multzoek osatzen dute.

Autismoaren inguruan aritzen diren elkarte gehienen helburua da nahasmendu hori duten pertsonei eta haien familiei laguntzea eta euren beharrak asetzea. Era berean, xedetzat dute gizartemailan autismoa duten pertsonei ulertzea eta horiek onartzea, baita kausa eta esku-hartze hobeak ikertzea ere.

Aipatutako kolore urdina autismoaren aldeko ikur bilakatu da Autism Speaks elkarteak 2010ean sustatu zuen Light It Up Blue kanpainaren arrakastaren ondorioz. Aurtengo kanpainarako, elkarteak eraikin ofizialak, norberaren etxea edo bulegoa bonbila urdinez argiztatu eta kamiseta urdinak janzteaz gain, sareak urdintzeko eskatu du: selfie bat ateraz eta #LightItUpBlue traola erabiliz, sare sozialetako profileko argazkian autismoaren aldeko markoa jarriz…

Autismo España konfederazioa, Autismoaren Eguna ospatzeko, “Autismoaren aldeko keinu bat” leloa erabiltzen ari da, gizartea begirada ezberdina, positiboa eta aniztasunarekiko begirunezkoa izatera animatzeko asmoz.

Etxera etorrita, autismoaren gairi lotutako elkarteek hainbat ekimenetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote gizarteari; kalean egingo dituztenen artean mota askotakoak daude: Bilboko Areatzan APNABIk ondo pasatzeko martxan jarriko duen gune parte-hartzailea, Gautenak Eibarreraino eramango du urteroko ibilaldia, Iruñeko Gaztelu Plazan, Nafarroako Autismoaren eskutik, 50 abeslari-taldek eskainiko dituzten kantak…

Era berean, elkarteek eguna aprobetxatuko dute aldarrikatzeko Nazio Batuen Erakundeko Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideen Batzordeak agindutako inklusioa bete dadila, eta, hori bermatzeko,  Europarako estrategia bat eskatzen dute.

Egilea: Laura Alvarez 

LAURA

Be the first to comment on "Autismoaren aldeko eguna ospatzeko, piztu urdina!"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*