Martxoaren 26an, Bilboko Guggenheim museoan, enpleguari, zientziari eta teknologiari buruzko hitzaldien jardunaldia antolatu du El Correo egunkariak. Bertan aztertuko dira zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketetan eta lanpostuetan emakumeek duten presentzia, emakumeen arrakasta-esperientziak eta hezkuntza eta orientazioaren garrantzia. Horrekin batera, martxoaren 30ean, Girls&Tech haurrentzako tailerrak egingo dira Bilboko Azkuna zentroan eta Gasteizko Artium museoan.

Jardunaldi horrek gaur egun dugun arazo nagusietako bati erantzun nahi dio, teknologiaren arloko lanbideetan dagoen generoen arteko desberdintasunari, hain zuzen. Emakumeen % 20 baino gutxiagok aukeratzen ditu zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketak, eta haien presentzia oso txikia dauka ikerketa zientifikoetan.

Desberdintasun horrek uste baino ondorio larriagoak ekar ditzake, emakumeak teknologia eta ikerketa zientifikoaren munduan sartzen ez badira, soldata-arrakala eta eten digitala eragingo baititu, diziplina horiek lanpostu kualifikatuetan sartzeko, startup berritzaileenak sortzeko eta gizarteari balioa ematen laguntzen duten ikerketak egiteko aukera ematen dutelako.

Ildo horretatik, lidergo-posizioetako emakumeen parte-hartze txikiak ez dio ikerketako agendaren desorekari soilik eragiten, emakumeen berariazko gaiek jasotzen duten tratamenduari ere eragiten dio. Horrela, CICFEMren kongresuan planteatu zen bezala, komunitate zientifiko eta teknologikoan emakumerik ez egotea edo gutxi egotea oztopo handia izan daiteke 2030erako estrategian Nazio Batuen Erakundeak proposatu dituen garapen jasangarriko helburuak lortzeko.  

Hezkuntzan murgilduta gaudenok zeresan handia daukagu zientziaren eta teknologiaren arloan eta lanbide-inguruneetan nesken parte-hartzea zailtzen duten oztopoak, estereotipoak eta intseguritateak desagerrarazteko, eta, horretarako, aukera libreagoak egiten eta gizarte-eraldaketa bultzatzen lagundu dezakegu. Eta lan hori premiazkoa  da, lehendik eta behin, oztopo horiek neskek egiten dituzten aukerak baldintzatzen dituztelako eta, bigarrenik, ibilbide zientifikoak aurrera egin ahala, ibilbide hori bertan behera uztera bultzatzen dutelako.

Marta Machok, jardunaldiaren hizlarietako batek, esaten duenez, “zientzia gure gizartearen motorra da eta emakumeok, ikerketa zientifikoetan joerak eginez edo erabakiz, berdintasunean parte hartzeko eskubidea daukagu”.

Egilea: Isabel Mendizabal

IMG_-ua20bk