Idazlan kolaboratiboak egiteko modurik onena

Bakarka egiten dela pentsatu izan dugu: idazlea paper zuriaren aurrean, idazlea pantailaren aurrean. Baina ez, ez da aukera bakarra. Idazketa kolaboratiboa alternatiba oso eraginkorra izan daiteke. Emaitzak idazlan indibidualarenak baino hobeak dira.

 

Idazlan kolaboratiboa, funtsean, egile batek baino gehiagok elkarrekin egiten duten idazketa da. Baina horrek ez du esan nahi bikoteka eta taldeka egiten diren idazlan guztiak kolaboratiboak direnik. Benetan kolaboratiboa izan dadin, egile guztiek parte hartu behar dute idazketa-prozesuaren pauso guztietan, eta, era berean, testuarekiko ardura partekatu behar dute. Idazketa kooperatiboan lanak eta ardurak banatu egin daitezke, eta, ondorioz, Storchen arabera, hori ez da idazketa kolaboratiboa. Are gehiago, idazketa kolaboratiboa, Storchek dioenez, idazketa kooperatiboa baino eraginkorragoa da.

 

Hizkuntzak ikasteari dagokionez, idazketa kolaboratiboaren bidez lortzen dira emaitza onenak. Ikasleek arreta handiagoa eskaintzen diote hizkuntzari, gehiago hausnartzen dute eta, gainera, elkarri gehiago laguntzen diote. Horri guztiari esker, gehiago ikasten dute. Lankidetzaren intentsitatea handitu ahala hobetzen dira emaitzak.

 

Nola sustatu dezakegu interakzio kolaboratiboa idazlanetan? Melbourneko Unibertsitateko Neomy Storch ikertzaileak aurten argitaratu duen artikulu batean azken 25 urteetako ikerketen emaitzak laburbildu ditu. Laburbilduz, 10 gako nabarmenduko ditugu:

 

  1. Ataza aproposak. Ataza egokiek erraztu egiten dute idazketa kolaboratiboa. Tentuz diseinatu behar dira, lankidetza bideragarriagoa izan dadin.

  2. Konbinatu ahozko atazak idatzizkoekin. Soilik ahozkoak diren atazak baino eraginkorragoa da ahozko eta idatzizko atazak konbinatzea.

  3. Taldeka, hobeto. Bikoteka baino emaitza hobeak lortzen dira taldeka, baldin eta lankidetzan ari diren bikoteak eta taldeak alderatzen baditugu.

  4. Taldekatze heterogeneoak. Aukera onena dira. Lankidetzan aritzen direnean, emaitza paregabeak lortzen dituzte.

  5. Irakasleak diseinatutako taldeak. Eraginkorrenak dira.

  6. Parte-hartzea sustatu. Funtsezkoa da. Isilik daudenek ere ikas dezakete baldin eta ataza nola egin behar den ondo jarraitzen ari badira, baina parte-hartze handiagoak gehiago ikastea eragiten du.

  7. Ez ahaztu Modelling-a. Ikasleek atazari ekin aurretik, eskatzen zaienaren adibideak erakustea komeni da. Eredu onak ezinbesteko erreferentzia dira.

  8. Ikasleen arteko interakzioak lehenetsi. Ikasleek elkarri ematen dioten feedback-a sarritan irakasle batena edo beste edozein heldurena baino eraginkorragoa da.

  9. Aurrez aurre, hobeto. Google Docs bezalakoek aukerak areagotu dituzte, baina, bestelako esku-hartzerik gabe, ez dira interakzio aproposenak nagusitzen. Aurrez aurrekoetan, aldiz, lankidetza sortzeko baldintzak egokiagoak izan daitezke.

  10. Denbora nahikoa eskaini. Lankidetza-giroa badago, denbora pasatu ahala, taldekideek gero eta ekarpen gehiago egingo dituzte, baita hasieran gutxien parte hartzen zutenek ere. Beraz, denbora eskaini behar zaio lankidetzan idazten ikasteari.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri

Be the first to comment on "Idazlan kolaboratiboak egiteko modurik onena"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*