Belgikako institutuetako ikasleak, urtarrilaren 10etik, ostegunero ikastetxean greba eta manifestazioa egiten hasi ziren, eta euren aldarrikapena klima-aldaketaren aurkako neurri gogorragoak hartzea zen.

Katowice-ko goi-bileran egindako akordioak atsekabetu egin zuen Anuna De Wever gaztea, 17 urteko Belgikako mugimenduaren burua eta abiarazlea, eta, Greta Thunberg suediarrak ostiraletan klima-aldaketaren aurka protestatzeko eskoletara joateari utzi ziola jakin zuenean, borroka hasi zuen.

Anunak grebara deitzeko bideo bat egin zuen eta proposamenak izan zuen arrakastak bere itxaropen guztiak gainditu zituen, 3000 pertsona agertu baitziren. Egun hartatik ez da beti pertsona kopuru berbera bertaratu, eta deialdi handienean 35000 manifestari agertu ziren. Dena den, mugimendu hain gazte batean parte-hartzaileen horren kopuru handiak dauden lehenengo aldia da.

Mugimendua Holandan, Alemanian edo Irlandan ere zabaldu da eta martxoaren 15erako  masiboa izatea espero den ikasleen nazioarteko grebarako deialdia egin da. Dagoeneko emaitzak igartzen ari gara: Belgikako 3400 zientzialarik Gobernuari zuzendutako eskutitz bat idatzi dute premiazko neurriak har ditzan eskatuz. Ingurugiroko ministro flandriarrak dimititu egin du ikasleak manipulatuta zeudela esatean gezurretan ari zela aitortu ondoren. Eta zuzenbideko aditu batzuek Parlamentuan onartzeko aukerak dituen klima-arloko lege zurrunagoa prestatu dute.

Manifestarien helburuen artean daude ekologiaren kudeaketa hobea, ibilgailu kutsakorren aurka benetako neurriak hartzea, garraio publikoan inbertitzea, hiritar guztiak munduaren zaintzan inplikatzea baliabideak ondo kudeatuz eta birziklatuz… Laburbilduz, ikasle horiek mundua salbatu nahi dute eta denontzako etorkizuna aldarrikatzen dute.

Espainian ere gazteak mugitzen hasi dira: otsailean Bartzelonan eta Gironan manifestazioak egin zituzten, eta martxoaren 1ean Madrilen, Malagan eta Valentzian. Euren esanetan, “jokoan dagoena gure etorkizuna da” eta “planetarik gabe ez dago etorkizunik”. Ostiralero aldarrikapenak egiteko asmoa dute, baina begirada, batez ere, martxoaren 15ean, batzuek “15M klimatikoa” izendatu duten greban, dago jarrita. Gazteek behin eta berriz azaltzen dute mugimendua “horizontala eta apartidista” dela, eta etorkizunak kezkatzen dituela: “zertarako ari gara ikasten planeta erretzen ari badira?”.

Egilea: Laura Alvarez

LAURA