Genero-indarkeriaren prebentzioa adingabeen artean

Balioak ikastea nahiz identifikatzea eta berdintasunean heztea beharrezkoa da indarkeria gainditzeko, baina nahikoa da? Ikerketa zientifikoek ezetz esaten digute.

Beharrezkoa da ikastea zer den ona eta zer ez, zer dagoen txarto… Baina, ikerketen arabera, indarkeria erakargarria da eta indarkeria erabiltzen dutenak gainerakoak baino popularragoak dira. Beraz, balioetan hezten baditugu soilik, berdintsuak eta feministak direnek, “onak” direlako, erakargarritasuna gal dezakete eta ikusezin bihur daitezke.

Hori berri txarra da, ikusgarriak eta popularrak direnak harremanetarako arriskutsuak izan daitezkeelako neskentzat eta eredu txarra mutilentzat. Ikusgarrienek noizbehinkako harremanetan ez dituzte harreman egokiak bultzatzen, indarkeria eta mespretxua erabiltzeko joera daukatelako. Gizarteratze-prozesu desegoki horien erruz, indarkeria hori normaltzat hartzen da, baita ernagarritzat ere.

Gainera, bikote-harremanen arriskuei buruz programa asko dago, baina ia ez dago noizbehinkako harremanetako indarkeria prebenitzeari buruzko programarik, ikusezina da gure inguruko hezkuntza-munduan; nazioartean, aldiz, garrantzi handia ematen diote.

Baina egoera hori alda daitekeela da berri ona. Erakargarritasun-eredu hori gizarteratze-prozesuaren ondorioa denez, beste era bateko harremanak bultza daitezke.

 

  • Balioetan hezteaz gain, biolentziarekiko erakargarritasuna landu behar da, lotura hori apurtzeko

  • Noizbehinkako harremanetan sor daitekeen indarkeria landu behar da. Aztertu behar da zer diren harreman onak eta txarrak, zer den indarkeria, baita hedabideek bultzatzen duten erakargarritasuna eta harremanak izateko erakargarriak diren ereduak ere. Halaber, norberaren burua eta lagunak babesteko estrategiak ikasi behar dira, eta jakin behar da sexu-harremanak izateko adostasuna ezinbestekoa dela eta horiek izan ala ez erabakitzeko askatasuna eduki behar dela, inolako presiorik gabe.

  • Maskulinitate-eredu berriak bultzatu behar dira. Onak izateaz gain, erakargarriak, seguruak eta ausartak izatera bultzatu behar dira, eta erasotzaileei eta menderatzaileei erakargarritasuna kendu behar zaie.

  • Ezkutuan dagoen genero-indarkeria ikuskatu behar da. Askotan, bullying-aren atzean edo naturalizatua egoten da, adingabeen artean antzematea zaila izaten delako. Detektatuz gero, garrantzitsua da egoera ez estaltzea edo biktima errudun ez sentiaraztea.

  • Isiltasunaren araua apurtu behar da. Normalean, berdinen arteko indarkeria-egoerak jakiten dira. Hori dela eta, ezinbestekoa da lekukoak biktimaren alde parte hartzera bultzatzea eta, horretarako, bai biktimak bai lekukoak babestea. Horrez gain, nesken arteko solidaritatea eta sareak landu behar dira.

  • Komunitate osoaren parte-hartzea bultzatu behar da. Elkarrizketa eta adostasuna direnez interakzioen oinarriak, eragile guztien arteko lankidetza beharrezkoa da. Nerabeei hainbat pertsonarekin elkarrizketa izateko eta hausnarketa egiteko aukera eskaini behar zaie. Baina ez edozein elkarrizketa, argudio zientifikoetan oinarritu behar dira, gizartean zabalduta dauden eta indarkeria mantentzen duten ideiak eta interakzioak gainditzeko.

Egilea: MªLuisa Jaussi

Jaussi

Be the first to comment on "Genero-indarkeriaren prebentzioa adingabeen artean"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*