Rafael Mendia Gallardok bizitza profesionalaren zati handia eman du hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen gizarteratzearen eta inklusioaren alde lan egiten. Egindako lan askoren artean, nabarmenduko dugu Euskadirako Hezkuntza Bereziaren Planaren garapenean parte hartu zuela, “Eskola muinbakar eta integratzailea” izeneko txostena egin zuen Hezkuntza Berezirako Batzordeko kidea izan zela, Eskola Inklusiboaren esparruan Aniztasunari Erantzuteko I. Plan Estrategikoa zuzendu zuela… Egun, Zerbikas Fundazioaren patronatuko batzordekidea da.

– Gobernuak nahi du hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten 35.000 ikasleak ikasgela arruntetan egotea. Hori duela 36 urte egin zen Euskadin. Zein izan ziren funtsezko alderdiak prozesu horretan?

Beno, Espainiako Gobernuak planteatzen duena inola ere ezin da egin egun batetik bestera. Inklusioko ia 40 urte hauetan, hainbat gertaera garrantzitsu nabarmendu daitezke, eta, une honetara iritsita, uste dut hezkuntza-inklusioa ez dela guztiz gogobetegarria Euskadin.

Prozesu luzea izan da, eta, horretan, apurka-apurka beharrezko azpiegitura sortu zen ikasleak ikastetxe arruntetan matrikulatu eta sartu ahal izateko. Era berean, modu ia naturalean, berariazko zentroak ia-ia desagertuz joan ziren.

Hasieran, talde multiprofesionalen aldez aurreko txostenaren bidez, ikasleak ikastetxe arruntetan matrikulatzen ziren, hezkuntza bereziko gelan. Ondoren, ikasleek gela arruntetan parte hartzearen aldeko apustua egin zen, gutxienez ordu batzuetan. Beranduago, ikasleak gela arruntetan zeuden integratuta, eta ordu batzuez irteten ziren irakasle espezialisten laguntza jasotzeko. Egun, ikasle batzuek dinamika horri jarraitzen diote, eta beste batzuek laguntza guztia gela arruntean jasotzen dute.

Prozesu osoan funtsezkoa izan da irakasleen prestakuntza, ikasleei nahiz irakasleei laguntzeko postuak sortzea (TMP, kontsultoreak, PT…), araudi egokitua argitaratzea, materialak egitea eta abar. Era berean, nabarmendu behar da, kasu gehienetan, familien erakundeak edo elkarteak ikasleen integrazioaren eta inklusioaren alde zeudela eta modu erabakigarrian aritu zirela lankidetzan aldaketetan.

Agian hoberen landu dena izan da ikasleak ikastetxe eta gela arruntetan sartzea; hala ere, hori ez da nahikoa, lan handia dago egiteko HPBak dituzten ikasleek behar bezalako arreta jasotzeko geletan eta aukera izateko merezi duten eskola-arrakasta lortzeko. Lan horrek ikastetxe osoari eragiten dio, izan ere, eskola inklusiboaz hitz egiten badugu, definizioz, ezin gara desgaitasuna duten ikasleetara soilik mugatu.

– Beraz, inklusioa hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak geletan egotea baino gehiago da. 

Ainscow-ek funtsezko hiru elementu identifikatu zituen hezkuntza inklusiboa izan dadin: laguntza, parte-hartzea eta ikaskuntza. Hau da, ez da nahikoa gela arruntean laguntzea eta parte hartzea, ikasi ere egin behar da. Ikusi behar da gela arruntean lantzen denetik zer eta nola ikas dezakeen eta ikasi behar duen.  Eta beharrezko laguntzak eman beharko dira ikasgelan guztiei irakasten zaiena “ikasteko modukoa” egiteko.

Gainera, lehentasunak ezarri behar dira, eta behar handienak dituzten eta bazterketa-arriskuan dauden ikasleengan jarri arreta. Gako horiek haize kontra doaz sistemak egiten duenarekiko.

– Zein dira zure iritziz hezkuntza inklusiboaren egungo erronkak Euskadin?

Ikastetxeak taldeen aholkularitza gehiago behar du, Ikuskaritzaren laguntza, behar duten ikasleei gela arruntetan laguntzeko eta banakako jarraipena egiteko ordutegia, araudi egokitua, materialak… eta praktikan sistema inklusiboaren aldeko hautua egiteak zer esan nahi duen oso argi daukan administrazioa.

Laburbilduz, beharrezkoak dira apustu politiko irmoa eta araua baldintza horietan idazteko pentsaera inklusiboa, eta, hain zuzen, arau horren estandartea ikasleen defentsa izatea.

Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza inklusiboagoa izatea lortu beharko litzateke. Era berean, beharrezkoa da beste zerbitzu komunitario batzuekin modu koordinatuan lan egitea.  

Egilea: Luisa Maria Puertas