Hedabide honetan jada ikusi dugu zer diren Solasaldi Literario Dialogikoak (SLD) eta zenbait esparrutan izan duten inpaktua. Esperientzia honetan, SLDetan parte hartzen hasi zen 12 urteko ume baten istorioa jasotzen da. Connorren eta bere gelakideen esperientziaren berri daukagu Rocío García Carrión-ek egindako ikerketa bati esker.

Connor Ingalaterrako herri batean bizi zen, eta 6. mailan zegoen SLDetan parte hartzen hasi zenean. Rocío bere gelara joan zen Solasaldi Literario Dialogikoei buruzko ikerketa bat egitera. Hasi baino lehen ikasleei azaldu zien zertan zetzan praktika hori, eta haiek ikasteari buruz zuten iritzia jakin nahi zuen elkarrizketa dialogikoen bidez. Ikasle guztiak hasieratik egon ziren liluratuta, baina Connor bereziki, zirraragarria iruditzen baitzitzaion bere kideengandik ikasteko aukera izatea, eta horrek lagunduko ziolakoan zegoen, literatura-arloan ez baitzen oso trebea.

SLDak astean behin egiten zituzten, eta Mila gau eta bat gehiago liburua irakurtzen zuten. Ikasleek beren lana egiteko konpromisoa hartu zuten. Solasaldietan guztiek besteen txandak errespetatzen zituzten, eta elkarrizketa irekia mantentzen zuten, non bakoitzak bere ideiak gehitu zitzakeen. Connorren konpromiso-maila oso altua zen, beti paragrafo bati buruzko ideiak zeuzkan esateko, bere kideei entzun eta haien ideien inguruko iritziak ematen zituen… Beti zebilen gogotsu.

Rocíok bere behaketak Connorrekin partekatu zituen, iritzi berdina zeukaten ala ez jakiteko, eta guztiz ados zeuden. Connorek adierazi zuen SLDak ikasteko aukera berriak sortu zituela, eta ikasitakoa beste arlo batzuetan aplikatzeko modua eskaini zion. Ez zuen soilik idazmenean eta irakurmenean hobetu, oro har, emaitzak hobetu zituen, bere buruarenganako konfiantza handitu zen, eta kideak ulertzeko eta haien lekuan jartzeko gaitasuna garatu zuen.

Solasaldiek ikasgelan espazio berri bat sortu zuten, non ikasleek beldur barik beren ideiak eta esperientziak parteka zitzaketen. Horrelako espazio bat edukitzeak ez zien soilik arlo akademikoan lagundu, talde gisa ere elkartu zituen. Gainera, praktika hori ikasgelako hormetatik kanpo hedatu zen, eta ikasleek beren iritziak jolastorduan partekatzen zituzten. Hain garrantzitsua izan zen Connorrentzat, ezen bere etxean ere beste liburu batzuk komentatzen zituzten.

Connorri esperientzia horrek aldaketa akademikoa zein pertsonala ekarri zion, eta ikerketari esker, Cambridge-ko Unibertsitatean bizitakoa partekatzeko aukera eduki zuen. Berak esan zuen SLDak bere burua eta bere hitzak momentu oro desafiatzea ahalbidetu ziola, eta ikusi zuen bere hitzekin besteei laguntzeko aukera zuela. Hortaz, esperientzia hau adibide bikaina da ikusteko Solasaldi Literario Dialogikoen garrantzia hezkuntzatik haratago doala, eta aldaketa soziala lor dezakeela.

Egilea: Iratxe Sánchez Peña

IMG-9317