Gelako hizkuntza ez dakiten ikasleak izatea ohikoa da. Haien ikaskuntza eraginkortasunez sustatu nahi badugu, scaffold edo aldamioak eskaini behar dizkiegu. Gelako hizkuntza askoz hobeto ikasiko dute euskarri horiek erabiltzen badituzte. Stanford Unibertsitateko Erika Moore Johnson gelako hizkuntza ikasteko aldamio eraginkorrak identifikatzen saiatu da berriki argitaratu duen ikerketa batean. Aldamio horiek ikasle guztientzat dira lagungarriak, baina bereziki laguntzen diete gelako hizkuntza oraindik behar bezain ondo ez dakiten ikasleei.

 

Ikaskuntzari lotutako aldamioen ideia Jerome Bruner-ek proposatu zuen Vygotsky-ren teoriei jarraiki. Vygotskyren Garapen Hurbileko Eremua da ikasle batek bakarrik egin dezakeenaren eta laguntzarekin egin dezakeenaren arteko aldea. Aldamioa, berriz, euskarri bat da. Horrek laguntzen dio ikasleari ataza egiten.

 

Aldamio eraginkorrenetako batzuk honako hauek dira, Johnson Moore-ren ikerketaren arabera: gelako pantailan informazioa erakustea, antolatzaile grafikoak erabiltzea, irudien bidez ulermena erraztea, keinuak erabiltzea, hizkuntza onaren ereduak ematea, ataza behar bezala egiteko eredu onak erakustea, hiztegia argitzea, informazioa hobeto ulertzeko galderak egitea, funtsezko informazioa nabarmentzea, norbaitek oker esandakoa zuzen birformulatzea… Horiez guztiez gain, hizkuntza ikasteko funtsezko aldamioa da bikotekako eta taldekako lanak ondo antolatzea. Ikerketan parte hartu duen irakasle batek argitzen du zergatik: “Blokeatuta gelditzen direnean edo norbaitek laguntza behar duenean edo, besterik gabe, ideiak partekatu nahi dituztenean, elkarri laguntzen diote gauzei buruz hitz eginez edo gauzak irakurriz.” Beraz, irakasleek ez ezik, ikaskideek ere aldamio-lana egiteko gaitasun handia dute. Halaber, material egokiak erabiltzea oso lagungarria da.

 

Hizkuntza ikasteko aldamioen helburu nagusiak hauek dira: entzuten edo irakurtzen dutena ulertzea (jarraitzeko moduan behintzat), hitz egiteko benetako aukerak ematea, zentzuzkoak diren hizkuntza-interakzioak izateko benetako aukerak sortzea, eta irakurketaren ikaskuntza sustatzea. Aldamioak eraginkorrak direla esan dezakegu baldin eta ikasle guztientzat benetako aukerak sortzen badituzte.

Aldamiorik gabe, ikasle indartsuenak bakarrik molda daitezke ondo, edo ez, zeren fundamentuzko aldamiorik gabe, ikasle indartsuenak ere galdu egingo baitira. Aitzitik, ondo funtzionatzen duten aldamioak jartzen ditugunean, dena askoz errazago doala dirudi. Irakaslearen lana errazagoa da. Ikaslearen ikaskuntza prozesua sendoagoa da.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117