Pobrezia, aberastasuna, zintzotasuna eta zintzoak ez diren jokaerak Haur Hezkuntzako geletan landu daitezkeen gaiak direla frogatu dute Estatu Batuetako Korear Hizkuntza Eskolan egin zen ikerketa batean. Kim, Park eta An ikertzaileak izan ziren horren egileak.

Korear kulturan klasikotzat jotzen diren istorioak kontatu ostean, irakasleak gidatutako eztabaida egiten zen 6 umek osatzen zuten talde batean. Istorioen ardatz nagusia pobrezia eta aberastasuna ziren, eta horiek irudikatzeko hainbat pertsonaia agertzen ziren; era berean, aberats bilakatzeko zein erabaki hartzen zuten azaltzen zen.

Ipuin-kontaketak eta ondorengo eztabaidak bideoz grabatu eta aztertu ziren, eta parte-hartzaileekin elkarrizketa sakonak egin ziren. Material hori aztertu eta gero, ume txikiekin pobrezia eta aberastasuna bezalako gai sakonak landu daitezkeela ondorioztatu zuten.

Ildo beretik, horrelako gai sakonak jorratzen dituzten istorioak kontatzea oso aberasgarria da, haiekin izandako elkarrizketa kritikoen bidez euren pentsamenduak eta ideiak zabaltzen direlako.

Adibidez, aberats bilakatzeko “partekatzea” eta “gauza onak egitea” ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten Nolbu pertsonaia maltzurraren istorioaren harira. Hark bere anaia gaizki tratatzeagatik ondorio latzak izan zituen, eta garai batean zituen ondasun guztiak galdu zituen, besteak beste. Hartara, umeek adostu zuten Nolbu maltzur eta berekoiak merezi zituela istorioko zigor guztiak. Izan ere, ez zen bidezkoa izango gaizki portatzen den edozein pertsonak arrakasta izatea, batez ere, Nolbu-ren Anaiak, Heungb-ek, zintzo jokatzen zuelako. Oso kontrako jarrerak batera ikustean, oso erraz hartzen zuten jarrera umeek.

Gainera, umeek aberastasuna edo ongizatea ulertzeko zituzten moduak azaldu zituzten eztabaida horietan. Pobreziaren oinarrian soilik ezaugarri pertsonalak zeudela gutxi batzuek komentatu zuten. Bestalde, gehiengoa adostasun honetara heldu zen: hezkuntza, lan gogorra eta jarrera altruista direla ongizatearen oinarriak. Beraz, ikerketa horrek ondorioztatzen duenez, Haur Hezkuntzako umeekin pobrezia eta aberastasuna bezalako gai sakonak landu daitezke euren pentsamendu kritikoa sustatzeko. Bukatzeko, aztertutako elkarrizketen bidez, ume txikiek mugikortasun sozialean sinisten dutela jarri zen agerian

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017