Umeak 6-7 urte dituenean, irakurtzeko zailtasun handiegiak badauzka, komeni da lehenbailehen esku hartzea. Ikerketak erakutsi digu hobe dela zailtasunak adin horretan gainditzea, zeren, bestela, atzean gelditzen direnek gero nekez lortuko baitute beharrezkoa den irakurketa-maila. Erronka horri aurre egiteko sortu zuen Marie Clayk Reading Recovery programa. Hainbat hamarkada egin ditu martxan, eta gaur egun ere oso ondo funtzionatzen duela erakutsi dute Delaware Unibertsitateko eta Pennsylvania Unibertsitateko hainbat kidek lau urtez egin duten ikerketan. Guztira, 6.888 lagun eta 1.222 eskola aztertu dituzte.

Bereziki trebatutako heldu batek ume bakarrarekin aurrez aurre egiten duen esku-hartze laburra da Reading Recovery-ren oinarria. Zailtasun handiak dituzten 6-7 urteko ikasleekin 30 minutuko saioak egiten dira egunero. Saio horiek indibidualizatuak eta intentsitate handikoak dira. Ikaslearen ikaskuntza-prozesua azeleratzea da helburua, ikasleak behar duen mailara irits dadin. Reading Recovery-k alderdi hauek lantzen ditu: kontzientzia fonemikoa, fonetika, hiztegia, jariotasuna, eta ulermena.

Trebakuntza egokia bermatzea ezinbestekoa da Reading Recovery programak ondo funtziona dezan. Unibertsitateko irakasle espezializatuak dira prozesuaren abiapuntua. Haien ardura da Reading Recovery leaders delakoak trebatzea. Graduondoko ikasketak dira. Reading Recovery saioak diseinatzen eta gauzatzen irakasten diete, batik bat. Baina ez maila teorikoan bakarrik. Irakasle adituekin eta zailtasunak dituzten ikasleekin bertatik bertarako harremana izaten dute trebakuntza-prozesuan zehar. Teoria eta praktika uztartzen dituzte intentsitate handiz. Irakasle adituei lanean behatzen diete. Era berean,  graduondokoa egiten ari diren bitartean, ikasitakoa berehala praktikara eramateko aukera izaten dute, eta egindako lanaren gainean adituen eta ikaskideen iritziak jasotzen dituzte etengabe. Dinamika horri esker, hobekuntzak segituan probatu ditzakete.

Graduondokoan trebatzen diren irakasleak eskoletara doazenean, zailtasunak dituzten umeei ondo irakurtzen irakasten diete, eta, horrekin batera, bertan lanean ari diren irakasleei Reading Recovery programa nola gauzatu erakusten diete. Ondo ikasitakoa zabaltzea oso garrantzitsua da egitasmo honetan.

Azken finean, kalitate handiko esku-hartzea da Reading Recovery-ren funtsa. Ikaskuntza-prozesua eraginkortasunez sustatzen delako lortzen dute ikasleek zailtasunak gainditzea.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117