Hezkuntza iraunkorraren garrantzia goraipatzen duten erakundeak asko eta askotarikoak dira, baita berau sustatzeko sortu eta garatutako politikak ere. Bizi osoko hezkuntza (LifeLong Learning) horren baitan kokatzen dugu helduen hezkuntza, eta azken horrek komunitatean sortzen dituen onurak (inklusioa, mugikortasuna, gizarte-sare berriak…) frogatzen dituzten ikerketak ere asko dira.
Horietako bat dugu Itxaso Tellado ikertzaileak aurkeztutakoa. Ikerketa hori beste zabalago baten parte da, zeinak helduen hezkuntza-zentroko kudeaketan heldu nagusiek duten parte-hartzea aztertzen duen. Gurera dakarkigun ikerketak, berriz, ondorengoa aztertzen du: hezkuntza iraunkorraren baitan, nola eragiten duen helduen parte-hartze dialogikoak komunitateko eragile sozial aktibo izatearen bilakaeran.
Partaidetzari dagokienez, aurrekari akademikorik gabeko emakumeak aukeratu dira, edo une hartan hori zirela esan beharko dugu, luzetarako ikerketa baita; datuak biltzeko elkarrizketak 2006an hasi ziren eta hamar urte beranduago errepikatu dira. Hala, denbora-tarte horretan, pertsona horien hezkuntza-esperientziaren eta ekintzailetzaren arteko lotura ezagutzeko aukera izan dute.
Emaitzak hiru atal nagusitan banatu dira: elkartasuna, prestakuntza ekitatean eta praktika berritzaileetan, eta eraldaketa.
Elkartasuna: parte-hartzearen ondorioz, isilaraziak zeuden ahotsei hitz egiteko aukera eman zaie. Baztertuta zeuden pertsonen iritziak garrantzizkotzat hartuta eta beraien komunitateko ekintzaile bilakatuta, familian eta testuinguruan positiboki eragiteko gai izan dira.
Prestakuntza ekitatean eta praktika berritzaileetan: eredu dialogikoan oinarritzen diren jarduera, erabakitze-prozesu eta harremanetan aritzeak norberarengan konfiantza irabaztea dakar, eta horrek autoestimua hobetzen du. Eredu horrek sare sozial berriak sortzeko aukera ere ematen du, partekatzen dituzten esperientziak sakonagoak baitira.
Eraldaketa: lortutako eraldaketa pertsonalak eragin zuzena dauka gerora, sortzen diren ekimen eta ekintzen bitartez, gertatzen den testuinguruaren eraldaketa sozialean.
Ondorioz, eta ikertzailearen hitzetan, helduen hezkuntza-zentro demokratiko batean heldu nagusiek bizi dituzten esperientziek igaro den bizitzaz eta orainaldiaz hausnartzera daramatzate, baina baita etorkizunarekin amestu eta ekitera ere.
Egilea: Lander Azkue