Elkarrekintza ereduak bigarren hizkuntza ikasteko berdinen arteko bikote lanean

Bikoteka egiten diren lanen eraginkortasuna aztertu zuen Melbourneko Unibertsitateko Neomy Storch ikertzaileak. Bigarren hizkuntzak ikastean zerk funtzionatzen zuen ondoen identifikatu nahi zuen. Emaitzek iradokitzen dute pertsona biren artean ematen diren elkarrekintza-eredu batzuk beste batzuk baino egokiagoak direla.

Ikerketa horrek bigarren hizkuntza ikasten duten helduen arteko elkarrekintza diadikoa, hau da, bikoteetako elkarrekintza, aztertu zuen sei hilabetetan zehar ikasle helduak ziren 10 bikoteren artean. Hiru hizkuntza-funtzio erabili ziren datuak biltzeko: idazlan laburra, edizio-lana eta testu-berreraikuntza.

Datuen analisiaren fasean, ikuspegi kualitatibo globala eta hurbilketa induktiboa erabili ziren: elkarrekintza diadikoen ereduak deskribatzen dituzten kategoriak, datuetan oinarrituta. Datuen azterketak lau eredu identifikatu zituen elkarrekintza diadikoan:

1- Elkarlana edo kolaborazio eredua: berdintasun eta mutualitate handiko elkarrekintza erakusten du, hau da, bikote horietan biek laguntzen dute ataza betetzen eta biek bestearen ekarpenak kontuan hartzen dituzte.

2- Menderatzailea/menderatzailea: elkarrekikotasun-maila neurritsua edo baxua adierazten du. Biak laguntzen dute ataza betetzen neurri berean, baina ez dituzte kidearen ekarpenak kontutan hartzen

3- Menderatzailea/geldoa: berdintasun- eta elkarrekikotasun-maila baxua dute. Ikasle batek ataza betetzeko ahalegin handiena eta horrek ez ditu bestearen ekarpenak kontutan hartzen.

4- Aditua/hasiberriak: berdintasun-maila neurritsua eta baxua da baina elkarrekikotasun maila altua. Ikasle batek ataza betetzeko kontrola handiagoa dauka baina saiatzen da besteak ahal den neurrian parte har dezala, beraz bestearen ekarpenak kontuan hartzen dituzte.

Ikerketaren arabera, elkarlana edo kolaborazio eredua eraginkorrena da. Badirudi “elkarlaneko ikaskuntza/aditua” eta “aditua/hasiberria” elkarrekintza diadikoen ezagutzaren transferentzian kasu gehiago izan zirela, “menderatzailea/menderatzailea” eta “menderatzaile/geldoa” elkarrekintzetan baino. Are garrantzitsuagoa da, agian, pedagogia‑ikuspegitik begiratuta, ikerketak aurkitu zuela bikoteka lan egiten duten ikasleek besteengan garapena finkatzea lortzen zutela.

Ondorio horiek bat datoz Vygotsky-k planteatutakoarekin, hau da, hizkuntzak funtsezko papera duela eta, adituaren eta hasiberriaren arteko elkarreragina bitartekotza-lana egiten duen tresna semiotikoa denez, hizkuntzak garapen kognitiboa errazten duela.

Hizkuntzak, tresna gisa erabilita, “kolaborazio” diadaren eta “aditua/hasiberriak” diadaren kasuetan, negoziazio luze eta konplexuak erraztu zituen hizkuntzaren aukeraren gainean. Aitzitik, “menderatzailea/menderatzailearen” kasuan, eskaera eta azalpen gutxiago egon ziren.

Hizkuntza-gelan taldekako eta bikotekako lanak nagusi direla kontuan hartuta, elkarrekintza diadikoei erreparatzea garrantzitsua da.

Egilea: Markos Bilbao

markos

Be the first to comment on "Elkarrekintza ereduak bigarren hizkuntza ikasteko berdinen arteko bikote lanean"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*