Pasa den azaroan, “Ikas Komunitateak” proiektuaren VII. Nazioarteko Topagunean, Aarón Mejanek bere esperientzia azaldu zuen. Aarón ijitoa da, 23 urte ditu, ezkonduta dago eta 2 urteko alaba bat dauka. El Cabanyal auzoko eskolan, Santiago Apostol eskolan, hezitzailea da. Halaber, Erdi Mailako Heziketa Ziklo bat ere ari da egiten.
Nola hasi zinen lan egiten eskolan?
17 urterekin amaitu nuen BH eta, titulua izanda, ikasteari utzi nion. Nire aitarekin merkatura lan egitera joan nintzen. Momentu horretan, Santiago Apostoleko eskolako irakasle batek eskaini zidan eskolara boluntario gisa joatea, eskola ikas komunitate bihurtu zelako. Ikasturte oso batean eskolara gitarra jotzera joan nintzen. Hurrengo urtean, jantokiko eta eskolaz kanpoko ekintzetarako hezitzaile gisa kontratatu ninduten. Hasieran ez nengoen oso pozik eta lana dirua lortzeko bide bat zela ikusten nuen. Baina bigarren urtean ikasleentzat erreferentea nintzela konturatu nintzen. Institututik nire liburuekin eta ikasten bueltatzen nintzenean, umeek ikusten ninduten eta harritu egiten ziren. Haiek ikasteko gaitasuna daukate, baina beren inguruan ez zuten ikasten zuen pertsonarik ikusten. Haien inguruan lehentasuna da lana bilatzea familientzat janaria lortzeko. Orduan konturatu nintzen ikusten zutela mugak apurtu zitzaketela, izan ere, nik lortzen banuen, haiek zergatik ez.
Uste duzu ijitoa izateak eragina daukala?
Bai, noski, oso desberdina da haiek bezalako pertsona batek, ijitoa denak, kultuan beraiekin egoten denak, haietariko askoren familiarra denak, esaten badie gaitasuna dutela eta ikasi behar dutela. Orduan bai, gai direla sinesten hasten dira. Gainera, nik metaforak kontatzen dizkiet. Badago bat beti kontatzen diedana. Hau da: bi igel zulo sakon batean erori ziren. Oso zaila zen handik ateratzea. Animalia asko zulora hurbildu ziren. Animalia horiek pentsatzen zuten igelek ez zutela lortuko eta hankak burura eramaten zituzten esanez: ezin izango zarete irten! Igel batek uste zuen lortuko zutela, eta lortu egin zuten alde batetik bestera saltoak emanez. Animaliek harrituta galdetu zieten nola lortu zuten, eta hark erantzun zuen: “zuei esker, ez nuen ondo entzuten esaten zenutena, baina zuen keinuak ikusten asmatu nuen hauxe esan nahi zenutela: “Animo! Lortuko duzue eta!”, “Hori ulertzeak indarra eman zidan”.
Orduan, esaten diet berdin diela zer esaten dieten, nik neure buruarengan sinesten dut eta proposatzen ditudan helburuak lortzeko gai naizela, baita haiek ere.
Zuretzat erreza izan da eskola-graduatua lortzea eta ikasten jarraitzea?
Ez, ez da erreza izan. 7 urterekin eskolaz aldatu behar izan nuen eta eskola berrian ez nuen ezer ulertzen. Nire gurasoei irakasleak esan zien ikasturtea gainditzea oso zaila izango zela urte batean 1. eta 2. maila egin beharko nituelako. Nire gurasoek ez zuten nahi nik errepikatzerik eta ahalegin guztiak eginda gainditu nuen. Ikas komunitateari esker orain ez da hori gertatzen.
BHko titulua lortu nuenean ez nuen pentsatzen ikasten jarraitzea. Gero, eskolan kontratatu nindutenean, ikastearena berriz pentsatu nuen eta gradu bat egiteko izena eman nuen. Alde batetik, ikasten gustura nengoen, baina beste aldetik ez. Nire lagunek ondo pasatzen zutela ikusten nuenean eta ni etxean ikasten geratzen nintzela, edo nire lagunek eta ikasleek esaten zidatenean “´payo’ bihurtzen ari zara!”, ez nengoen hain pozik. Egun baten nire aitonak galdetu zidan zergatik nengoen triste eta kontatu egin nion. Haren erantzuna hauxe izan zen: “Ikastea ijitoen kontua da bete-betean”. “Baina, aitona, nola esan dezakezu hori, zuk ez baduzu ikasi?” “Bai, mutil, ijitook beti izan gara tratulariak, ganadu-tratulariak, eta orain eskolak, ikas komunitateak eskaintzen digun tratuari ezin diogu uko egin, kalitatezko hezkuntza lortzeko errekurtsoak eskaintzen ari zaigulako.
Orain, Zikloa amaitzen dudanean, Goi Mailako bat egingo dut eta gero unibertsitatera joan nahi dut.
Egilea: Kaiera